Zutabeak

Denak ala inor ez

Ez dut gogoratzen nire lehenengo martxoaren 8a. Ezin gogoan eduki nire lehenengo manifestazioa. Gogoan dut, ordea, azkenekoa. Gurutzetako ospitaleko esku-ohe batean nintzen bizitza osorako diren titulu horietakoa eskuratzen. Goizean goiz jaiki eta motxilan gordetzen nuen koadernoari orrialde bat kendu eta GORA BORROKA FEMINISTA idatzi nuen hizki lodiz. Egun hartu, seruma zintzilikatzeko erabiltzen den kako hura bihurtu nuen banderaren masta. Argi zegoen ezingo nintzela joan manifara, urteetan huts egin gabe, baina 2016an, ezinbestez, kale egin behar nuen.

Ospitaleko gelara sartzen ziren bisitekin, telefonoz hitz egiten nuenekin… ez zegoen bestelako hizketaldirik. Egun handia da feministotzat martxoaren 8a. Termometroa jartzera sartu zen erizainak bizitzaren errealitateara eraman ninduen eskuz egindako afixari begiratzen zion bitartean. ¿Y eso? Galdetu zidan (42 ordutan pertsona bik soilik egin ziguten euskaraz, baina hori beste artikulu baterako utziko dut). Argi zegoen emakume horrentzat eta ondoren sartu ziren pediatrarentzat zein garbitzailearentzat astearte arrunt bat besterik ez zela. Ni arratsaldeko manifestaldira joango ez nintzelako triste eta emakume guzti horiek haien lan jardunaldia noiz amaituko zain. Bizitzaren paradoxa. Egunerokoa.

Txikikeria irudituko zaizue batzuei, zertara dator hau istorio honekin pentsatuko duzue beste batzuek… Erronkarik garrantsitzuenetarikoa dugu nire ustez: bidean, lantokietan, eta batez ere etxeetan geratzen diren emakume horiek guregana, feminismora, gerturatzea. Nekez egingo dugu aurrera emakume horiek guztiak gurekin ez baditugu. Ezin gara gure burbuila moreko pareta artean etengabe bizi. Urte hauetan borrokaren ondorioz lortutako garaipenak eta aurrerantzean eskuratuko ditugunak arriskuan daude. Sistema kapitalistak eta heteropatriarkatuak mehatxatzen gaitu, ez digute erraz jarriko, ez. Horregatik guztiagatik emakume guztiok, subjektu subalterno orok, bat egin behar dugu gure nahiak, desioak eta eskubideak eskuratu ditzagun.

Martxoak 8 honetan berriro ere feministon arteko indar metaketaren alde dei egiten dugu. Gora emakumeon borroka!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak