Zutabeak

Buruak arrazoia galtzen duenean

Azken hilabeteotan, txakurrak hizpide dira gertuko komunikabideotan. Eta ez dira albiste onak argitaratzen dituztenak. Bihozgaberen batek edo batek baino gehiagok Basauriko eta Etxebarriko kaleetan txakurrei tranpak jartzen omen dizkie. Haragi pusketan orratzak sartu edo, kasurik okerrenean, soda erregarriz bustitzen ditu. Txakurrek haragi zatiak jan eta barruko organoetan kalte handia eragiten die, hiltzeko arriskua eraginez. Baina, zergatik horrelako ankerkeria gizakiaren aldetik?

Galdera horri erantzunen bat bilatzeko hausnarketa sakona egin behar dugu. Batetik, baliteke bihotz-gogorreko pertsona hauek burutik sano ez egotea eta denborapasa moduan ikustea halako krudelkeriak egitea. Ez etikarik, ez moralik. Ez hanka, ez buru. Bestetik, posible da txakurrak kalean edo parkean solte ibiltzearen kontrakoak izatea eta euren desadostasuna zabaldu nahi izatea. Izan ere, txakurrei beldurra dien jendea badago eta eskubidea dute parkean lasai paseatzeko, txakur bat eurengana hurbildu barik. Horregatik agian ez dute begi onez ikusten txakurrak edozein tokitan aske ibiltzea, eta gainera, muturrekorik gabe eta kaka edozein lekutan eginez.

Koldarkeria batetik, beldurra bestetik. Kontuak kontu, arazoa konpontze aldera, txakurren jabeekin hitz egin eta txakurrak paseatzeko tokiak eta orduak zehazten dihardu Udalak. Oraingoan ere Udalari eskean herritarrak: araudia egin ondoren, araudia bete behar. Udaltzaingoa ere lanean ari da tranpak jartzen dituztenak harrapatzeko.

Ez da txakur eta txakurren jabeen inguruan sortzen den lehen arazoa -ezta azkena ere-. Jabeak txakurra defendatu eta beldur denak bere burua zaindu. Finean, elkarbizitzeko beharrezkoak diren gutxienekoak bete beharko lituzkete bi aldeek. Ez tranparik, ez txakurren erasorik. Egunero entzuten dugun topiko batekin bukatuko dut: “Ez egin besteoi zuri egitea gustatuko ez litzaizukeena”.

Gora