Zutabeak

Cum finis est licitus

Romano van der Dussen herritar nederlandarrak kartzelan 12 urte eman beharrean, erdia eman zezakeen bere burua errudun aitortu izan balu. Duintasunak bultzatuta, burua tente baina bihotza burumakur igaro du igaro behar ez zuen makina bat urte. Duintasunak bultzatuta, hilzorian zegoen amari azken agurra emateari ere uko egin zion bere garaian. Bere esanetan, bizia bera baino garestiagoa da duintasuna.

Duintasunak herrialdeak suntsitu, zatitu eta erditu ere egin ditu; hilerriak, berriz, bete. Anaiak banatu eta familiak urratu ditu, guztiz. Eskutik daraman harrotasunak izan zitezkeen amodio istorioak errotik gelditu ditu, eta musu larregi geratu dira eman gabe izen onaren mesedetan.

Duintasunaren mugak gizakion gaindi daude, izan ere, hizkuntzek ere badutela esango bainuke. Bada barrenak asaldatzen dizkigun zerbait “ayer andé diez kilometros” entzuten dugun bakoitzean. Hizkuntza batzuek bere horretan mantentzen dute urteek eman dieten maila. Beste batzuek, ordea, ez hain garden. Aurrekoan “etorri, bidea, eskuarekin” egin zion deiadar ama batek semeari bidea gurutzatu aurretik. Halakoetan, ez dakit urteotan makiavelikoegiak ez garen izan, eta euskarari berari ez geniokeen galdetu beharko belauniko bizi edo tente hil nahi duen.

Gora