Zutabeak

Denon herria, hemen eta orain

Ate joka ditugun hauteskunde hauek ez dira hauteskunde arruntak izango. Alde batetik, gure herriaren eta herritarron eskubide nazional zein sozialak bermatuko dituen esparru politiko baten eraikuntzarena izan behar du legegintzaldi honek. Bestaldetik, EH Bilduk bere lehendakarigaia izateko hautatu duen pertsona desgaituta dago erabaki politiko bat dela medio eta berriz ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrok ezin izango dugu askatasunez aukeratu gure lehendakaria izango dena.

Beldur itzela diote Arnaldo Otegiri, ”Otegi Lehendakari” adierazpena entzundakoan, dardarka hasten da Estatua. Etxean zein kanpoan maitatua eta mirestua da Arnaldo Otegi, jendearen maitasuna jasotzen du kalean egunero eta nazioarteko proiekziorik handiena duen euskal politikaria da. Baina, Arnaldo Otegiren ekarpen politikoa ezin da desgaitu, eta ohorea da EH Bildurentzat berarekin eguneroko lana, ilusioa eta gogoa partekatu ahal izatea.

Era berean, Arnaldo Otegi eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko zerrendaburuak diren Maddalen Iriarte, Miren Larrion eta Jasone Agirrerekin batera, pertsona independenteak, gizarte mugimenduen ordezkariak, profesional eta aktibista ugari agertzen dira gure hautagaien zerrendetan. Benetan azpimarratzekoa da zerrenda hauetako profil aniztasuna, prestakuntza, profesionaltasuna eta konpromisoa.

Izan ere, horrelako lantaldea ezinbestekoa da jendartearen beharrizanei erantzuna eman diezaiekeen programa aurrera eramateko eta guztion artean denon herria eraikitzeko. Denon herria hemen posiblea delako Euskal Herriak erabakitzeko tresnak baldin baditu, Madrilen ez bezala, dagoeneko ikusi dugun moduan eta Parisen ez bezala. Herri honek amesten duen denon herri hori, orain eratu behar dugu, urte gehiegi eman ditugulako honezkero aurrerapausorik eman gabe eta ezin ditugu beste 4 urte galdu, orain da gure unea eta zenbakiek ematen dute.

Hemen eta orain denon herria sortzeko eta gure gizartea eraldatzeko herri-akordio bat proposatu du EH Bildu-k, hain zuzen ere, akordioz zerbait dakigulako eta horrela frogatu dugu gure parte hartzearekin lege garrantzitsuenak lantzeko prozesuetan, etxebizitza-legea, udal-legea, fracking legea edo turismo-legea, esaterako, bai eta Gasteizko udalaren kasuan ere.

Baina EH Bilduren altxorrik kuttunena, herritarrak gara, herritarrik gabe ez gara, herritarrentzat egiten dugu lan eta herritarrekin lan egin nahi dugu. Herri bizia gara, aurrera egiteko gogoa duen jendartea, eta beraz, pertsonengan begirada jarriko duen herria eraiki behar dugu, herritar guztien ongizatea bermatuko duten zerbitzu publikoak eta jendarte osasuntsua eta jakintsua sortzen ahalbidetuko duena. Berrikuntzan puntakoa den herria, formakuntzan, gizarte babesean eta gure gazte zein helduen zaintzan erreferentea dena. Hezkuntza eta kultura eskuragarri dituen jendartea hazkuntza pertsonal eta kolektiboaren oinarri dugu.

Baina ongizate onargarri bat lortzetik urrun gaude oraindik. Enplegu duina sortu behar dugu. Gazte askok kanpora lan egitera joan behar dute, beste asko langabezian daude eta lanean ari direnek lan-eskasiarekin topo egin dute aurrez aurre. Pentsioak ere ez dira duinak eta hainbat zerbitzu publiko murrizten eta pribatizatzen joan dira.
Gozategiaren abestiak dioen bezala:

“eusko jaurlaritzak dio
dirurik ez dagoela
baina zer kasualitate
gurea falta zaiela!”

Dirua badago, baina gurea falta zaie, Supersur edo AHT bezalako proiektuek sekulako zuloa ekarri digute eta ezin ahaztu buruan duten Urdaibaiko Guggenheim proiektua.

Gure hizkuntza eta kulturari dagokionez, euskararen normalizazioan eta euskaldunon eskubideak bermatzeko prozesuan lan dezente egin behar dugu oraindik, horren adibide garbia ikusi ahal izan dugu, tamalez, kanpaina honetan idar politikoren batek kaleratu duen bideoan.

EH Bildun bakegintzan eta elkarbizitzan aurrera egiteko ekarpen handia egin dugu eta
aurrera begira bide horretan jarraituko dugu. Alabaina, espainiar estatuak bere jarrera inmobilistan jarraitzen du eta euskal presoen zein beren senideen eskubideak urratzen ditu etengabe.

Honengatik guztiagatik eta artikulu honetan sartzen ez diren beste zio askorengatik, hasieran esan dugun bezala, hauteskunde hauek ez dira hauteskunde arruntak izango, asko dugu jokoan eta testu hau sinatzen dugun Hego Uribeko hautetsiok ilusio handia dugu hauteskunde hauetan eta etorkizunean jarrita. Ilusio hori herritarrengan ere igarri dugu eta ilusio horretaz kutsatzen jarraitu nahi dugu gure herria, EH Bildu ezinbesteko tresna izango delako denon herria hemen eta orain eratzeko.

Hego Uribeko EH Bilduko hautetsiok.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|