Zutabeak

Edertasunaren filosofiaz

Edertasunaren harira, gustu txarra daukadala esan izan didate beti, gustatzen zaidana gizartearen edertasun kanonaren oso bestelakoa izaten delako beti; eta, batez ere, irudi inposatu horretatik zenbat eta gehiago aldendu, orduan eta gehiago gustatzen zaidalako. Egia esan, ez dut nahita egiten. Gustatuko litzaidake errebeldia kontua dela aitortzea, baina ez litzateke egia izango. “Guapa-guapoak” ere gustatu izan zaizkit, gainera, gutxi izan badira ere.

Institutuan izan nuen filosofia irakasle batek behin egin zigun galdera etortzen zait horrelakoetan gogora: “Zaratarik egiten ote du erortzean arbolak, soinu hori entzungo duen inor ez dagoenean?”.

“AURPEGIA = 5; GORPUTZA = 4; BATEZ BESTE = 10!” ZIOEN BATEK, ARRAZOI OSOZ

Errepikaria izan da zalantza sakon hau filosofiaren historian: ba ote da mundu materialik, giza pertzepziotik harago? Edo, beste modu batera esanda, existitzen ote da errealitatea zehatz-mehatz ezagutzen dugun bezala? Gaur egun neurozientzialari gehienek onartzen dute giza burmuinak kanpo mundua den bezala jaso eta islatu baino askoz gehiago egiten duela; burmuinak kanpo-estimulu horiek eraldatu, eta bere “hizkuntzara” egokitzen dituela, nolabait. Ezin esan daiteke, beraz, errealitatea existitzen ez denik, baina bai, ordea, gu ez garela kapaz errealitate hori den bezalakoa jasotzeko: itsasoa ez da ederra; eder ikusten dugu. Eta edertasuna, ikusten dugunaren berrinterpretazioa baino ez da; ikusteko era bat baino ez. Edertasunik ez da, berau ikusten duten begietatik harago.

Edertasuna, dena den, –ikusten duenaren begietatik harago existitzen bada, eta ni neu ezezkoan nago-, ezaugarri ederren batura baino askoz gehiago da, dudarik gabe. “Aurpegia= 5; gorputza= 4; Batez beste= 10!!” esaten zuen batek, arrazoi osoz. Edertasuna ez da “perfektutasun” elementuen arteko batez bestekoa. Guztiok izan ditugu inoiz oso-oso edertzat, gizarteak agintzen dituen proportzio eta simetria horiek betetzen ez dituztenak. Zuk zeuk ere bai.

BEGI HANDIAK, SUDUR ESTUA, EZPAIN BETEAK. KATERIK KATE, TELEBISTAN

Horiek horrela, higuingarri egiten zait “perfektutzat” saltzen dizkiguten aurpegi eredu guztiei elkarren antz ikaragarria sumatzen diedanean -urteekin batera umorea ozpindu egiten delako, akaso-: begi handiak, sudur estua, ezpain beteak. Katerik kate, telebistan. Begi handiak, sudur estua, ezpain beteak. Orrialdez orrialde, aldizkarietan. Apo begi operatuak, sudur estu operatua, ezpain bete operatuak; behin eta berriro, etengabeko amesgaizto batean bezala.

Ez da ezaugarri horiek gustuko ez ditudanik berez, baina ezin dut inor eder ikusi beste hamaika “ederren” igual-iguala baldin bada. Edertasuna desberdin ikusten du bakoitzak, errealitatea desberdin ikusten duen heinean, eta horregatik da ederra hamaika aurpegi eder desberdin ikustea. Nire edertasuna ikusteko era nirea da, onartzen dut; ezin esan daiteke zurea edo beste inorena baino hobea denik. Baina gogoan izan errealitatea gure erara ikusteko eskubidea gurea dela, eta gure baitan dagoela edertasuna edonon eta edozeinengan ikusteko ahalmena. Ez diezazula inork agindu mundua zer begirekin ikusi.

Gora