Komunikabidea

Editoriala | Eta hemen gaude (Geuria 2014-2019)

Geuria 054 monografikoaren azala

Geuria – Hego Uribeko herri komunikabideak bost urte bete ditu eta, aitzakiari helduta, begirada orokorra eskaini diogu eskuan duzu tokiko kazetaritzan aritzen den hedabide honen lehen bost urteei. Hori abiapuntua izanda, komunikazioa, gertukoa eta komunitatea terminoak ikuspuntu ezberdinetatik jorratu dituzte eskarmentu handiko duten honako profesional hauek: Alazne Aiestaran, Ibai Villapun, Jone Guenetxea, Aitor Albizua, Janire Egaña, Iker Bizkarguenaga eta Lontzo Sainz.

Ikuspuntu freskoagoa eskaini dute Hego Uribeko herritarrek. Guztira, Geuria komunikabidearen hogeita bi irakurle, parte-hartzaile eta euskal komunitateko kideren hitzak jaso ditu monografiko honek.
Datutegia deritzon atalean, datu gordinak hausnarketa labur batekin lagundu ditugu. Papera, web gunea eta sare sozialen hainbat eta hainbat datu jaso ditugu, 2014an komunikabidea sortu zenetik gaur egunera artekoak. Horiek hamaika irakurketa egiteko bide ematen dute eta lagungarriak izan daitezke komunikabidearen ikuspegi errealago bat edukitzeko. Arlo ekonomikoa jorratzea ere aproposa iruditu zaigu diru iturrien joerak adieraziz oinarrizko datu zehatz batzuk emanda.

Azkenik, langileen hitzak ere jaso ditugu, baita bost urteotan bidelagun ditugun kolaboratzaile, parte-hartzaile, iragarle eta babesleen zerrenda luzea ere. Guztira, hogeita hamabi orrialde gertuko kazetaritzaren egungo egoeraren eta etorkizunera begira dituen erronken inguruan hausnarketarako bide ematen dutenak.

Behin horiek esanda, Geuriak bost urteko ibilbidea bete duela ospatzen dugu, ospatzeko modukoa da eta. “Ez al zenuten espero, bada, honaino heltzea?”, galdetu ziguten joan den hilabetean Galdakaon, eta ez dut gogoratzen zehazki zer erantzun genuen, halako zeozer uste dut: “Ez genuen ezer espero. Bide berri bat ibili behar genuenez, pausoz pauso aritu izan gara bost urte hauetan, bide berri guztien antzerako sentimenduekin: bertigoa, ilusioa eta lana moduko faktoreak. Eta horiek bere horretan mantenduta heldu gara honaino”. Bertigoa errespetu bihurtu da, ilusioa biziberritu eta lana biderkatu, proiektua hazi egin denaren seinale.

Aipatu, Geuriak bere ibilbidean mugarri asko izan dituela, hala nola, jai-herrikoietan, Korrikan, #M8an edota udal-hauteskundeetan egindako jarraipenak, baita iazko Berba eta irudia monografikoa eta apirileko Hiru buruko munstroa dokumentala ere. Azken bi hauek Hego Uribetik egindako lanak, eskualdeko mugak gainditu eta Euskal Herrian sona eduki dutenak.

Eta hortxe dago Geuria gaur egun, begi aurrean duzun monografikoak marrazten duen errealitatean: Hego Uribek badu euskarazko komunikabidea, bizirik dagoena, euskaraz informatzeko eskubidea bermatzen duena, kazetaritzan egunerokoan sendo jarduteko ahalmena duena, eskualdeko euskal komunitatearen tresna bilakatu dena. Eta aldi berean, hauskorra, azaleko kritika errazen jomuga, euskaraz bizitzeko eskubidearen defentsa pedagogiko handia egin behar duena, egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Handle with care etiketa jarrita beharko luke. Baina, tira, panorama honetan ezer gutxi berri egunero euskaraz jaiki, bizi eta oheratzen direnentzat.

Eta orain zer? Aurrera ez doana, atzera baitoa. Nahi eta nahi ez. Bost urteren ondoren, bidegurutze berriak ireki dira, aurrerapausoak emateko aukerak komunikabidea modu egonkor batean haz dadin eta euskal komunitatean gehiago eta hobeto eragin dezan. Ondo bidean, 2024an hamar urte beteko ditu Geuriak. Baina galderak asko dira eta potoloak: egungo ekonomia ahulean, nola biziraun? Komunikabide handiei nola aurre egin? Estruktura txiki batek luze iraun al dezake piztuta eta eraginkorra izaten? Horien argibide zarete monografikoan modu batera edo bestera parte hartu duzuenok. Hogeita hamabi orrialde hauetan galdera eta erantzun asko daude, irakurri, ulertu eta interpretatu nahi dituenarentzat eskuragarri. Eta horixe bera da Geuriak egingo duena: orain arte egin bezala, herritarrei entzunez erabakiak hartu, tentuz, sendo eta artez, beti ikuspuntu positibotik, eraikitzailetik eta herrigintzako eragile gisa. Geuriak badu izena eta izana. Badu berezko nortasuna. Badu oraina eta etorkizuna. Hemen gaude.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak