Zutabeak

Erritmo konstantzia

Orain dela 35 urte jaio zen Korrika. 1980an Jose Mari Satrustegi euskalzaleak, Oñatiko unibertsitatetik abiatuta egin zuen estreinako 0 kilometroa. Remi­gio Mendiburu Hondarribiko artistak sortutako lekukoa eskuan zuela eman zituen aurreneko pausoak “Zuk ere esan bai euskarari” lelopean. Xabier Amurizak egin zuen lehen Korrika hartako abestia, eta korrika batean esan daiteke. Tribuaren Berbak saioan Kike Amonarrizi azaldu legez ez bai­tzuen denbora askorik izan letra sor­tzeko. 2.300 kilometroak zeharkatuz, eskuz esku egin zuen enbor forma­dun lekukoak 1988 urtera arte. Or­duan, ilusio truke fisikoaren poderioz zahartzen ari zen ikurra ordezkatzea erabaki zuten, eta Juan Gorriti izan zen lekuko berriaren egilea. Mendi­buruk sortutakoa Donostiako San Tel­mo museoko erakusketa iraunkorrean ezagutu daiteke gaur egun.

Ohore handia da Korrikaren le­kukoa eramatea. Bi urtetatik behin, Euskal Herria zeharkatuko duen mezua garraiatzeko ardura hartzea­ren sentsazio kitzikagarria bizitzea. Hitzek eta batez ere hizkuntzak oinarritzen duen sinbolismo horren atzean dagoen lan handiaren erakus­le fisikoa bilakatzea. Helburua, alegia euskararen aldeko borrokaren xedea, erromantizismoak hauspotutakoa izango da agian, eta era berean ezin­bestekoa normalizazioa lortzeko. AEK euskaltegi elkarteak antolatzen duen Korrika bizirik mantentzeko hamaika esku dira beharrezko. Horietaz gain, errepide eta bideak beteko dituzten beste hamaika gorputz dira ezin­besteko. Pasionatuki parte hartzen dutenen zenbatekoari erreparatuta, argi dago, herriak baduela gogoa, ba­duela indarra.

Hunkigarria izan da beti. Txikitan, Korrika zergatik egiten genuen, zertan zetzan oso ondo ere ez genekiela. Koloretako zabor poltsaren gainean jartzeko petoak koloreztatzen geni­tuen klasean. Urte horretako abestia bizi eta gogoz ikasten genuen. Ondo ulertzen genuen ordea, ospakizuna zela, gurea, eta ikaskideekin ondo pasatzeko egun berezia. Euskaraz, euskal giroan.

Urteak aurrera aldiz, ilusioak ber­din jarraitu arren, euskararen alde lan egiteko ariketa kontzienteagoa da. Zenbaitetan eta tamalez, militantzia kontua dela dirudi. Hala ere, nago horrek ez diola baliorik kentzen. Ken dakiokena ordea, konstantzia falta da. Alegia, normalizazioa aldarrikatzea normalizazioan sinestu gabe. Eta hori, egunero islatu beharrekoa da, ez soi­lik bi urtez behin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak