Zutabeak

Ez dugu haririk

Munduan 7.500.000 biztanle gara. Horietatik 1.500 miloi baino gehiagok Facebooken profila dute, Whatsappek eta YouTubek milioi bat erabiltzaile dituzte, 400 bat Instagramek eta Twitterrek. Eta gazteen artean erabiltzaile asko bereganatzen ari da Snapchat mezu aplikazioa.

Oro har, komunikatzeko balio dutela esan dezakegu: argazkiak eskegi, mezuak bidali, bideoak zabaldu, lagun arteko taldeak sortu, besteak beste. Eta app horien guztien protagonistak gu gara, pertsonok. Gure erabilpenik gabe aplikazio horiek ez lirateke existituko. Pertsonen parte hartzea beharrezkoa dute. Bestela, akabo.

Eta, jakina, badarabilzkigu: 15 eta 30 urte bitarteko gazteok hiru ordu ematen omen ditugu sare sozialetan. Mundu errealean beharrean, sare sozialek sortzen dituzten mikromunduetan: “Parisera noa!”, “Txapelketa irabazi dut”, “A ze txakur polita nirea” edo “Eskerrik asko nire urtebetzean zoriondu nauzuen guztioi!”. Mikromunduak ez dira errealak, tresnak berak bideratutako unibertso txikiak dira. Hala ere, gure egunerokoan dakusagun guztiak eragina badu gure aldartean, mikromunduetan esaten denak ere bai. Aplikazioak tresna erabilgarri izatetik, gazte askoren arazo psikologiko bihurtzen ari dira.

Gauza bakarra da inoiz ahaztu behar ez duguna eta behin Sarrionandiak idatzi zuen: Eman dezagun berrogei urtez horrela eta, bat batean, ohartu ezetz, eguzkiaren edo ilargiaren errainuak bezalakoak direla hariak eta ez zaituztela lotzen. Azkenean, ez duzula haririk.

Gora