Zutabeak

Giza ergelkeria

Iragan domeka sano euritsu iratzarri zen Madrilen, baina, harrigarriro, Primark-eko erosle-errenkadak eraikinari buelta ematen omen zion egun horretan. Badira jada egun batzuk kateak Madrilgo Gran Vía kaleko denda inauguratu zuenetik, baina aglomerazioak ez dira eten. Poliziak ere esku hartu behar izan omen du, baten baino gehiagotan, erosleak txandaka sar daitezen, 2.300(!) erosleko gehieneko edukiera-muga gainditzen ez dela ziurtatzeko. Ez da merkealdi edo kanpaina apartekorik bertan, ez produkturen bat lortzeko aukera bakarra. Borondatez joan dira egun horietan madrildarrak jendetza artean igeri egitera, hurrengo egunetan, edo internet bidez, lasaiago -eta prezio berean- eros dezaketena eskuratzera, baten batek sare sozialetan giza ergelkeriaren adibide argiena izendatu duen uholde baragarri eta kutsakor baten baitan.

Ez da horrelako fenomeno bat gorpuzten den estreinako aldia. Entzutetsuak dira iPhonek produktu berriren bat merkaturatzen duen bakoitzean erosleek sortzen dituzten orduetako ilarak. Ezagun zaizkigu produktua agortuko bailitzan saltokietako ate aurrean pilatzen diren erosle irribartsuen irudiak. Multinazionalek ikasita daukate, ondo ikasita ere, fenomeno horiek izan ohi duten arrakasta, eta dagoeneko hasi dira jendetza eta ilara horiek berariaz eragiten -dendetan eguneko gehieneko erosle kopurua mugatuz, edo produktu zehatz batzuk katearen denda bakar batzuetan salduz-, badakitelako aglomerazioek erosleak uxatu baino, erakarri egiten dituztela, sarritan salgai dauden produktu eta sustapen kanpainek eurek baino askoz ere erraz eta eraginkorrago.

“Multinazionalek ondo ikasita dute aglomerazioek erosleak uxatu baino, erakartzen dituztela, sarritan salgai dauden produktu eta sustapena kanpainek eurek baino askoz ere erraz eta eraginkorrago”

Primark-eko kasuan, ordea, ez da produktu berririk. Eta madrildarrek bazuten lehendik ere Madrilen kate horren arropak erosterik, baina ez dute, orain arte, antza, hainbesteko beharrizanik igarri. iPhone produktuekin gertatzen denaren aurka, gainera, Primarkeko ehun-gaia oso kalitate eskasekoa dela onartzen dute erosleek eurek ere, eta egingo nuke egun hauetan poltsatan mukuru eramandakoetatik erdia jantzi ere ez duela egingo zenbaitek. Erosleak ez dira hurreratu berez produktuak eskuratzeko. Erosteko esperientzia bera kontsumitzera joan dira, jendetza horretatik kanpo gelditzeko beldurraren akuilua ipurdian.

“Erosleak ez dira hurreratu berez produktua eskuratzeko, erosteko esperientzia bera kontsumitzera joan dira, jendetza horretatik kanpo gelditzeko beldurraren akuilua ipurdian”

Madrildarrak ez dira baboak. Ez da ergelkeriarik giza beharrizanengan. Eta gizakia izaki soziala da, beste ezer baino lehen. Ez du nahikoa beste gizaki batzuk bizi diren ingurunean bizitzearekin, beraiekin etengabe komunikatzeko beharrizana du, ongizate emozionala horren menpeko izateraino. Globalizazioarekin mundua elkarlotuago dago orokorrean, egia da, baina gizakiak are urrunago gaude elkarrengandik. Ez du ematen, itxura batean behintzat, elkartrukerako garatu ditugun sare sozial eta plataformek, beraiek bakarrik, gizakiok daukagun beharrizan hori asetzen dutenik. Taldean bizitzeko -eta talde horren barruan onartua izateko- premia berezko ezaugarria da gizakiongan, selekzio naturalak egokiro garatutakoa. Eta Primark-ekoaren antzeko fenomenoek agerian uzten dute, behin eta berriro, gizakiak behar dituela orain, inoiz baino gehiago, harreman sozial horiek. Izan ere, gizakia baldin bada, besteekiko harremanean da, hein handi batean, ondokoekiko harremanean sustraitzen da eta, norbere izaera bera. Eta izaera hori diluitzen igartzen ari den garai honetan, izan nahi du gizakiak, beste ezer baino lehen, inoiz baino larriago.

“Globalizazioarekin mundua elkarlotuago dago orokorrean, egia da, baina gizakiak are urrunago gaude elkarrengandik”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak