Zutabeak

Gora Eskarabillera!

Komunitatea sortzeko ezaugarri jakin batzuk partekatzeaz gain erritualak beharrezkoak dira. Erritualek egonkortzen dute komunitatearen izaera. Zergatik? Pertsonen arteko hartu-emana sortu eta sendotzeko gaitasuna daukatelako. Horri esker, gure nortasun propioa indartzen dugu, baita ingururatzen ere. Ahaztu barik, komunitatea sendotzen duten erritualak praktikatzea gure oinarrizko beharrak asetzeko modua ere badela. Erritualak kultura bat eusteko oinarri bilakatzen direnean ohiturak deitzen ditugu. Marko horretan kokatzen dira urtebetze ospakizunak, Gabonak edota gure herriko jaiak. Eta lagunok, basauritarrok zerbait argi baldin badaukagu, gure herriko jaiak itzelak direla da. Gure herriko jaietako erritualak, hots, gure ohiturak singular bezain gustagarriak direla.

Maite ditut gure herriko jaiak. Horren herri handia izanik ikaragarria da Basauriko jaietako parte hartze maila. Zoragarria da herritarrek egiten duten lana urteko egun horietan herria emozio koloretsuz janzteko. Oso zirragarria da, eta hori hala da. Urriko egun horietan bizi izan ditut beti memorian izango ditudan gomutak; maitemintzea, adiskidetasuna, bakardadea, poza, mina eta guzti horren gainetik sorterriaren indarra. Azken batean, komunitatearen parte izatea.

Haatik, urteetan zehar Basauriko jaiak bizitzeko modua ere aldatu da, nahiz eta beti pareko ilusioarekin jantzi dudan jaietako arropa. Gogoan daukat hainbat urte atzera lonjak deskubritzearen gorakadarekin batera txosnagunean muturra sartzeko gogoa neukala. Bertako kontzertuekin gozatzeko gogoa bizia zela. Izan ere, Basaurin euskal musika entzuteko aukera eskaintzen zigun bertako oholtzak. Eskaintza minimoa zen baina erreala. Orain komunitatea indartzen zuen zatitxo horren nostalgia daukat.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak