Zutabeak

Gure bertsiorik onena

Emakumea “ahula” da. “Ahula”, “hutsala” eta “zalantzatia”, eta hori da zuzendaritza karguetan emakume gutxiago egotearen arrazoi nagusia, enpresa handietako zuzendaritza (gizonez osatutako) organoen arabera. Hala dio, behintzat, Emakumearen Institutuak egindako hainbat informek. Enpresan gora egiten duten apurrak disponibilitate osoa, eta jarrera konprometitu, nekaezin eta agresiboa erakusten dutenak izaten dira organo horien arabera. Gizonak bailiran jokatzen dutenak, finean, ahulezia izpirik gabe. Gizonek ez baitute, antza, ahuleziarik. Gizoneko izateagatik ez, sikiera.

Ez dut ezer berririk esaten enpresa munduan aipatutakoen antzeko aurreiritzien ondorioz,  gaitasun aldetik antzera ibili arren, emakumearentzat askoz zailagoa dela goi mailako kargu bat lortzea esaten badut. Ez da ezer berria gauza bera lortzeko geuk are gogorrago egin behar dugula lan; edo egon badagoela guretzat kristalezko sabai ikusezin bat, zenbaitek onartu nahi ez duen arren. Sabai hori ez da, baina, enpresa mundura mugatzen. Emakumeon gizonekiko harreman hierarkiko guztietan topa ditzakegu eta, antzeko adibideak: gaztea bazara baboa seguru asko; ama bazara histerika hutsa, ezinbestean;  edadetua bazara, frustratua, bai ala bai. Eta astakeria ikaragarria badirudi ere, hain dauzkagu lokiak erraietan iltzatuta, hain dira astunak lotu dizkiguten aingurak, ezen azkenerako guk geuk ere irensten baititugu aurreitzi horiek guztiak. Zalantzati jaio ez baginen ere, zalantzati egin gaituztelako. Ezin garelako IZAN besterik gabe. Geure buruengan zerbait aldatu -edo hobetu- behar dugun sentsazio permanentearekin bizi gara emakumeak. Langile hobea, jefa hobea, ama hobea, ederragoa, argalagoa, lodiagoa, seguruagoa, indartsuagoa. Hobea. Bestelakoa. Eta, horrek, jakina, zalantzati egiten gaitu egoera batzuetan, eta ahul.  Hor aritzen gara, saiatuenak ere bai, ezer faltan bagenu bezala ahaleginetan, GUre bertsio on-hobetuaren bila, etengabe. Beti beste zerbait edo norbait izan guran, jaten goraino berdinduta ere, sekula asetzen ez dugun zuloa bete nahian.

Geure buruengan zerbait aldatu -edo hobetu- behar dugun sentsazio permanentearekin bizi gara emakumeak. Langile hobea, jefa hobea, ama hobea, ederragoa, argalagoa, lodiagoa, seguruagoa, indartsuagoa

Emakumeon ahalduntzea emakumeok geure buruaren jabe izatean datza. Baina horrek, era berean, gure existentziaren erantzukizuna onartzea ere eskatzen du halabeharrez. Gure izaera eta gorputza den bezalakoa onartzea. Gure izatea bera seriotasunez hartzea.  Kristalezko sabaiak egon badaude, baina barnean dauzkagu denetan larrienak.  Enpresatakoak desegingo dira, berez desegin ere, guk geuk geure barnekoak erauzten ditugunean. Izan ere, zuzendaria izan, nahiz etxekoandrea izan, garen bezala gara izan gaitezkeen bertsiorik onena, gure bertsio ahul, zalantzati eta okerrenak ere barne.

Gure izaera eta gorputza den bezalakoa onartzea. Gure izatea bera seriotasunez hartzea. Kristalezkoa sabaiak egon badaude, baina barnean dauzkagu denetan larrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak