Zutabeak

Gure zezenak, onenak

-Joño, hirurak laurden gutxiago!
-Baina nora zoaz? Ez nazazu horrela utzi!
-Sentitzen dut, laztana, ordubete barru itzuliko naiz.
-Baina zer arraio gertatzen zaizu korrika alde egiteko?
-Hiruretan San Faustineko entzierroa hasiko dela!!!!

Xarmarik gabeko herri txiki, gris, aldapatsu eta desatsegin bateko biztanleek ere halakoxeak behar dute izan, zeharo aldrebesak. Kanpandorretik ahuntzak botaz dibertitzen diren herri bateko biztanleen kirtenkeria zenbaterainokoa den asmatzea erraza den bezala, tabernetako elkarrizketak entzunda edo Herriko Taldeaken festetako egitaraua irakurrita oso erraza da Basauriko herritarrak zein ganorabakoak diren ikustea ere.

Baina zentzugabekeria horren guztiaren, giza-kirtenkeriaren puntu gorena –Monty Phytonen esketxak albo batera utzita, noski– San Faustineko entzierroa da.

Zuentzateko plazan neska-mutil mordoska biltzen da, “¡Ni Fausto ni Fermín, San Faustín!” oihuka garrasi batean dihardutela. Gizakia Helburutik ateratakoak diruditen izaki batzuk irteten dira tabernetatik. Urte askotan zehar inolako neurririk gabe edandako ardo txarraren ondorioak garbi ikus litezke euren aurpegietan. Adarrak daramatzate eskuetan, sekulako zezen puskak dira. Euretako batek panpina bat darama kaxa batean sartuta eta, beste baten laguntzarekin, horma-hobi bateraino igotzen du. Zezenak kantari hasten dira: “…por ser nuestro patrón, beberemos en porrón”. Estralurtar bat bere espaziontzian Lurrera jaitsi eta ikuskizun hau ikusiko balu, planeta honetan bizidunak badaudela ondorioztatuko luke, baina milioika urtetako garapena falta zaiela adimentsuak izatera heltzeko.

Suziri baten eztanda entzuten da, eta handik gutxira lurraren kontra txikitzen diren lorontziak. Jendetza korrika hasten da… Eta gainerakoa bertatik bertara bizitu behar duzu.

Gora