Zutabeak

Homosexualitatetik heteronormaltasunera

Lesbianas nunca más. Un viaje transgénero hacia la heteronormalidad artikulua kasualitatez topatu dut interneten. Izenburuak dioenez, lesbiana izatetik heteronormala (!?) izateko bidea egin berri duen Erikak bere ibilbidea azaltzen du bertan, argazki modakoek ederto ilustratuta. Pozik da Erika, transgenero bidaia hori egin izanagatik. Eroso, bere normaltasun-jantzi estreinatu berrian.

Abilak gara gizakiak etiketak sortzen. Momenturen batean -eta praktikotasunagatik seguruenik-, gure itxurari erreparatu, eta Arra eta Emea kategoriak sortu genituen. Arra ALA Emea. Baita identitate sexualarenak ere, lehen etiketa honen baitan, modu berean. Heterosexuala. Homosexuala. Bisexuala. Eta kuriosoena da etiketa horiek zerotik eraiki ostean, geure buruari saldu dizkiogula, merke. Eta jan, kontrako ezarritik joan bazaizkigu ere; etiketak sortzen abilak, baina horien menpeko bihurtzen ere, ondo subnormalak izan ohi garelako.

ABILAK GARA
GIZAKIAK ETIKETAK SORTZEN.
ARRA ETA EMEA. NESKA ALA MUTILA

Identitate arazotzat dauzkagu psikiatren kontsultak betetzen dizkiguten “transgenero” kasuak. Noraezean gabiltza, zientzia aurrerakuntzak medio, genero batetik besterako metamorfosi horren emaitzaren perfekzioa lortuko ote dugun, itxaropentsu, batez ere ordutik aurrerako harreman sexualei begira. Itsu gabiltza, bide bakarra hori bailitzan. Gaixotzat dauzkagu, guk geuk sortutako kutxa estu eta zarratu horietan kabitzen ez direnak. Gaixotzat, transformazioa burutu bitartean. Eta, egia esan, gaixotu egiten dira, ez diegu eta identitaterik aitortzen.

Ez dut kolokan jarriko genero “aldaketak” pertsona batzuengan izan duen eragina oso positiboa izan denik. Baina ezin uka daiteke, era berean, erabaki horiek norbere generoa definitzeko gizarteak egiten duen presioak baldintzatu egin dituela oso. Azken batean, generorik ez balego, nekez existituko lirateke eta, “lesbiana” “gay” eta gainerakoak.

EZ DAGO EZER SENDATZERIK,
GAIXORIK EZ DAGOENEAN

Gutxi izango lirateke eta transformazio hori hasiko luketenak, umetatik haien gorputza den bezalako onartu eta, besterik gabe, nahi dutenarekin gozatzen ikasi izan balute, aurretik “neska” ALA “mutila” ote diren erabaki behar izan ez balute. Etiketak jartzen diren momentutik, kategoriak sortzen direnetik, beti kondenatzen da baten bat etiketa horietatik kanpo bizitzen. Definitu beharrean, baldintzatu egiten gaituen aingura da orain generoa. Gure baitako behar zuen, eta gu geu bihurtu gara haren baitako. Generoa bizi behar genuen eta generoak bizi gaitu.

Zinez ederra zara, Erika. Ederra zara orain, eta ederra zinen lehen. Zu ez zara generoa. Eta generoa ez da Zu. Zakil batek ez zaitu ez zarena bihurtuko. Eta zakil hori ez izateak ez zaitu izan nahi duzunetik aldentzen. Ez dago zertan ar ala eme aukeratu, normala izateko. Biak izan zintezke. Edo bietako bat ere ez. Ederra zara. Ñabarduna guztiekin. Ederra. Konplexutasun osoan. Ez dago zertan normaltasuna bilatu normaltasuna zugan dagoenean. Ez dago ezer sendatzerik, gaixorik ez dagoenean.

Gora