Zutabeak

Iritzia | Esperientzia aberasgarria

Empieza Por Educar (ExE) fundazioaren helburua ekitatezko hezkuntza inklusiboa lortzea da. Basauriko Soloarte ikastetxean bi urteko praktikak egin nituen eta esperientzia ahaztezina bizi nuen.

Enara Menoyo ezkerretara, Soloarteko ikasle eta beste irakasleekin URA Agentziako irteera batean // Argazkia: Enara Menoyo

Empieza Por Educar (ExE) fundazioaren helburua ekitatezko hezkuntza inklusiboa lortzea da. Horretarako Irakaskuntza Masterra ateratzeaz gain, ikastetxe batean bi urteko praktikak egiteko aukera ematen dute, baita formakuntza gehigarria eskaini ere. Proiektu horretako 20 partaideetako bat bihurtu nintzen eta CPI Soloarte IPI ikas komunitatean izandako esperientzia ahaztezina hasi nuen.

Bi urte horietan bizkarrean arazo pertsonal gogorrak zeramatzaten nerabeak ezagutu nituen, eta modu batean edo bestean, ikas komunitateko ateak zeharkatzen zituztenean euren arazoek garrantzia galtzen zuten. Bertako ikasle, irakasle, langile, senitarteko eta orokorrean komunitate osoa, familia handi bat bihurtzen ginen ikasle hauen hezkuntza bideratzeko helburuarekin. Ezin izango dut inoiz ahaztu, zuzendaritza taldeko Itsasok eta Soniak  goizero errepikatzen zuten ohitura maitekor eta hurbila: sarreran ikasle guztiak era pertsonalean agurtzen zituzten, ikastetxera ongietorria emanez. Halako jarrerak ugariak ziren bertan eta horietatik asko ikasi dut: hezkuntza gertukoa eta era berean ikasle bakoitzarengandik etekin handiena ateratzen duena.

Ikasleak ikas komunitatean inplikatutako pertsonen lanaren garrantziaz eta esfortzuaz jabetzen ziren, batez ere euren hezkuntza guretzako garrantzitsua zela ikusten zutelako. Ondorioz, euren hezkuntzarekiko ardura handitu egiten zen, eta pixkanaka-pixkanaka hobekuntza handiak ikusten ziren, bai edukien aldetik, baita heldutasunaren garapenean ere.

Edukiak garrantzitsuak badira ere, baloreek hezkuntzan bere leku nabarmena izan beharko lukete, orain nerabetasunean murgilduta dagoen belaunaldia guztion etorkizuna izango delako. Hori dela eta, ikasleak baloreetan oinarritutako hainbat proiektutan parte hartzera bideratu genituen, esaterako: Beldur Barik, Eman minutu bat errefuxiatuen alde edota First Lego League nazioarteko txapelketan. Hauetariko batzuetan saridun irten ziren, eta euren motibazio eta autoestimuan eragin zuzena izan zuten. Esfortzuak bere ondorio positiboak izan ditzakeela ikasi zuten, baita lan gogorrak bakoitzarengan sortzen duen asetze eta poz sentimendua ere. Horrelakoetan konturatzen nintzen bertan egiten ari ginen ekintza guztiek ikasleengan eragina izaten ari zirela eta ziur etorkizun batean CPI Soloarte IPI ikas komunitatean bizi izandako urteak nostalgiaz gogoratuko dituztela eta bertan ikasitako guztiari  (edukiei zein baloreei) berebiziko garrantzia emango diotela.

Soloarte ikas komunitatean bi urtetako praktikak nire bizitzako esperientzia aberasgarrienetako bat bilakatu dira. Irakasle izaten ikasteaz gain, pertsona bezala garatzeko aukera ere eman zidan, bertan bizi izandakoak gertuko hezkuntzaren garrantziaz ohartarazi ninduelako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak