Iritziak

Iritzia | Zuk badakizu, amama

Bazkalorduan izaten dut amamarekin luze berba egiteko aukera. Bueno, ez behar lukeen bezain luze. Egunerokoak itota, axolarik ez duten ehunka konturekin distraitzen dut nire burua, eta aitortu beharra daukat, kontatzen didan guztia ez dut entzuten. Egia esateko, ez naiz errudun sentitzen. Bera ere ez da ergela, eta badaki kontu asko iloba inerte bati kontatzen dizkiola. Hala ere, ez da inoiz nirekin haserretu horregatik.

Kontua da albistegia ikusten dugula, eta salbamendu jaka ederra da entzungor izateari utzi eta bion arteko elkarrizketari berrekiteko. Asteak dira telebistako aurkezleak martxoaren 8ko grebari buruz hitz egiten duela, Emakumeok planto!. “Laztana, zergatik egin behar dugu planto emakumeok?”, bota dit amamak. Hasi natzaio azaltzen: “Bla, bla, bla…”. Erraietatik ateratako diskurtsoa. Stop the world, lasai amama, nik salbatuko dut mundua. Niri begira geratu da. Orain bera da inertea. Ni ere, berari begira. 87 urteko aurpegi zimurtuak eman dit zaplaztekoa. Amamak jakingo ez balu zer den sistema honen biktima izatea. Nik diskurtsoa egin dut, berak bizi egin du. Pentsatu dut hobe dela isiltzea. Berea da hitza, konta dezala nahi duena.

Aititerekin ezkondu zenekoa ekarri du gogora. “Jostun ederra nintzen ni, ospe handikoa. Molde berezia erabiltzen nuen eta eskaria itzela zen. Aititerekin ezkondu nintzenean, ordea, ez arduratzeko esan zidan berak, ordutik aurrera berarentzako bakarrik josi behar nuela, dirua berak ekarriko zuela etxera”. Orain bai, adi ari naiz entzuten. “Berak ez du inoiz jakin, ordea, lanera joaten zen bakoitzean jostunaren kontrabandoa egiten nuela etxean. Benetan gogoko nuen egiten nuen lana”. Horra bere ‘erantzuna’. “Amama, zuk badakizu orduan zer den planto egitea”. Berbarik ez, keinu bat zuzendu du nigana. Irribarre horregaz esan dozu dana.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak