Zutabeak

Galdakaoko nortasun arkitektonikoa

galdakao elurra 2018 otsaila ander arrieta 3

Azken egunotan bolo-bolo dabil Bengoetxen zegoen Ugasano baserriaren eraispena. Etxe honi buruzko lehen aipamenak XVI. mende hasieran aurki daitezke.

Otsailaren 28ko elurtean, Ugasano baserria eraitsi aurretik // Ander Arrieta

Azken egunotan bolo-bolo dabil Bengoetxen zegoen Ugasano baserriaren eraispena. Etxe honi buruzko lehen aipamenak XVI. mende hasieran aurki daitezke (batzuek XIV. mendean kokatzen dituzte lehen aipamenak), beraz, bere garrantzi historikoa Galdakaoren bilakaeran ukaezina da. Baina bere etorkizuna, enpresa pribatu baten menpe jarri ostean, desagertzea baino ez da izan. Udaletxeak bidean inolako trabarik jarri gabe, jabego pribatuak hartutako erabakia izan da, eta nahiz eta emaitza jende askoren iritziaren aurkakoa izan den, bertan etxe berriak eraiki ahal izango dira, lurzoruaren prezioa ordaindu ostean. Bide batez, esan beharra dago bertatik garaiko Erret Bidea pasa zitekeela, baina udaletxeko hirigintza arduradunei bost. Artxibo historikoetara jo, indusketa lanak bultzatu… Aukera asko zeuden gure historia babesteko dena bota baino lehen, baina horren ordez porlana lehenetsi dute.

Ez al zuen udalak esku hartzeko aukerarik? Ez al zegoen eraikin hori babesteko modurik? Noski baietz. Are gehiago, 2/2006 Zoru Legea oinarritzat hartuz, administrazio publikoek higiezinen merkatua erregulatzeko beharra dauka, interes pribatuak ezin baitzaie interes publikoei gailendu. Hainbat era daude horrelako eraikin baten biziraupena bermatzeko, zuzenena hauxe izan daitekeelarik: eraikina udalak berak erostea, ostean erabilpen publiko bat eman ahal izateko. Antzekoa gertatu zen industria-erreferente izandako Formicarekin, non Ricardo Bastida arkitekto ospetsuaren eraikin zentrala inolako babes barik bota zuten, baldintzak jarri barik lurzoruaren erosleei. Horrelakoak ez gertatzeko, eraikin eta etxe historikoen zerrenda bat sortzea beharrezkoa da, babes berezi bat emateko sustatzaile urbanistikoen erosketa-mugimenduen aurrean. Egin ezean, datozen belaunaldiek Galdakao beti horrelakoa izan dela pentsatuko dute, galdakoztarrontzat etxe, baserri edo fabrika mitikoak izan direnak inoiz ezagutu barik.

Gauzak aldatzen ez badira, daramagun ibilbidea jarraitzea baino ez zaigu geratuko: Galdakaoren nortasun arkitektonikoaren suntsipena. Gure inguruan badaude herriak zeinek beraien etxe, eraikin edo landa historikoak zaindu eta babestu dituzten alboan gauza berriak altxatu diren arren. Alta, gure herriko udalak nahiago du 6 milioi euro (6.000.000 €) gastatu “Antenna” bezalako proiektu megalomano bat aurrera eramateko. Bitartean, urtez urte betiko eraikin esanguratsuak desagertzen doazela ikusten dugu, beraien ordez porlana agertzen delarik.

Herrian mila etxe huts baino gehiago izanagatik ere, Galdakaon “boom” urbanistiko berri bat bizitzen ari gara, 200 etxebizitzatik gora sortzen ari baitira momentu honetan. Gainera, kasu askotan etxe berriek ez dute inolako harmoniarik gordetzen alboko eraikin eta inguruarekin, guztiz kolore eta forma ezberdinetako etxeak eraikitzen baitira adreiluzko etxez osatutako paisaiaren erdian, adibidez. Honelako arazo bat errez ekidin daiteke, udalak esku hartzeko aukera baitauka arlo honetan, eraikitze-irizpide zehatz batzuk finkatuz. Baina beste behin ere, bide osoa libre uzten zaie interes pribatuan oinarritutako negozioei.

Gure herriko historia eta nortasuna apurka-apurka suntsitzen doazen bitartean, betikoek diruan baino ez dute pentsatzen.

Galdakaoko EH Bildu

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|