Zutabeak

Iritzia | Linguae populorum

Duela gutxi jakin dut Bizkaiko lehen Foruak gaztelera zaharrez idatzita daudela. Garai hartako herritar gehienek euskara bazerabilten arren, kontua da dokumentu hura jauntxoek idatzi zutela, herritik nahiko urrun zeuden jauntxoek. Kontua da, ere bai, jauntxo haiek zutela boterea, eta herriaren aldeko ezer idatzi bazuten idazki hartan izan zela herria bera lasai gera zedin, ez zedin altxatu.

Urteek aurrera egin zuten Iraultza Frantsesa heldu zen arte, eta jada burges deitzen ziren jauntxoek euren boterea handitu zuten. Hots, Estatua sortu zuten, hori bera ere herritik nahiko urrun. Frantses estandarra ezarri zuten hizkuntza bakar gisa, eta euskara eta beste baztertu zituzten, leun esatearren. Hegoaldean, Bigarren Errepublika ere fin ibili zen horretan, eta Frankismoak ere ez zuen asko lagundu euskara arnasbetetzen.

Baina euskarak biziraun badu orain arte izan da, batez ere, estatuek uko egin diotelako. Paradoxikoa. Herriaren hizkuntza izan da gutxira arte, eta bere txikian, gogor heldu dio denboraren astinduei. Gaur egungo gaztelerak eta frantsesak ez bezala, euskarak mantentzen zituen belaunaldiz belaunaldi oparitzen ziren esamoldeak, hitzak, ñabardurak. Tamalez, estatuak besarkatu egin du gure hizkuntza, eta baita instituzionalizatu ere. Euskara eskuetatik kendu digu botereak, bereganatu egin du, expropiatu.

Inoiz baino zaurgarriago, bulnerableago dago euskara oligarken eskuetan. Bizi dugu dagoeneko bere estandarizazioa eta desnaturalizazioa. Erauzi egin dute landarea lurretik, eta kristalezko lorontzi batean sartu. Estatuak bat egiten ari dira, zentralizatzen, handiago eta sendoago egiteko; jauntxoak batzen ari dira, eta herriarengandik gero eta gehiago urruntzen. Eta, beraz, hizkuntzen babes instituzionalak antzinako Foruen antza baino ez dauka, postureo hutsa, behekoak lasai egon daitezen.

Europa bateratzen doan heinean, lorontziak ureztatzeari utziko diote apurka-apurka, eta herriak ez ditu loreak faltan botako. Ingeles desitxuratuak lortu du jada hegemonia langile askoren artean; gaztelera, frantsesa edota alemana zerabilten eliteek ekin diote euren hizkuntza kargatzat, lastretzat ikusteari. Agerian utzi du horrek, mugak desagertzen direnean, hizkuntza eta estatua ez datozela bat. Herriaren berba eskoletan erakustea tranpa hutsa da, herritarrek hizkuntzari atxikimendua galtzeko baino ez baitu balio. Eta hori ondo baino hobeto zekiten Irlandan gaelikoa eskolatu zutenek. Hizkuntza eta estatua ez datoz bat, hizkuntza eta herria datoz bat.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak