Zutabeak

Iritzia | Herri galdeketa

Aje elektorala pasatzen ari garen honetan politikagintzarekin lotutako bestelako berria azaldu zaigu Basaurin. Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Basauriko Udalari 2016an adostutako Herri Galdeketaren inguruko auzian.

Basauriarroi San Fausto, Pozokoetxe eta Bidebieta ingurua eraberritzeko hirigintza proiektua onartzen zen edo ez ebazteko hitza eta erabakia ematea onartu zuen 2016ko uztaileko udalbatzarrak, EH Bildu eta EAJ-ren aldeko bozkekin eta PSE, Basauri Bai eta PP-ren kontrakoekin.

Aipaturiko akordioa Euskadiko Tokiko Erakundeei buruzko Legean (ETEL) oinarritu zen, zeinaren arabera hirigintza proiektua honen inguruan erabakitzeko galdeketa gauzatzea inori baimenik eskatu gabe adostu egin zen, hau da, guk geuk, herritik eta herriarentzat sukaldatutako menua: herri mugimenduak aldarrikatu, ordezkari instituzionalak adostu eta herriak egikaritu.

Baina “poztasun demokratikoko” momentu hartan mamu arrotz batek agerraldia egin zuen Basauriko agertoki politikoan. Estatuko abokatutzak atzaparrak sartu eta akordioaren aurkako helegitea jarri zuen; eta auzitegiak, txintxo-txintxo bere papera betez, behin-behinean geldiarazi zuen galdeketaren prozedura. Basauritik kanpoko norbaitek Basauriren inguruko akordio eta erabaki bat galarazi zuen.

Ia 3 urte geroago Basauriko Udalak arrazoia zuela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak, erdietsitako akordioa eta gauzatu beharreko galdeketa bidezkoak zirela eta direla. Ziurrenik baten batek (ni barne) maila pertsonalean gogo onez jasoko zuela berri hau…

Baina honek ez du zerikusirik maila pertsonalarekin, ez behintzat pertsona bakar edo bakan batzuetaz. Galdeketa zilegia dela ebazteak badu beste irakurketa bat, maila pertsonalean sor dezakeen gogobetetzea baino askoz ere garrantzitsuagoa, alegia, herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula, izan hirigintza proiektu baten inguruan, jaietan antolatu beharreko kontzertuen inguruan edota, zergaitik ez, herri bezala zer nolako etorkizun politikoa izan nahi dugun ebazteko. Eta zehaztapen xume zein klabe bat, gure herria eraikitzeko eta gure etorkizuna erabakitzeko ez diogu inori baimenik eskatu behar.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak