Zutabeak

Etxerako lanen kontura

Gaur egungo hezkuntzaren helburua ez da umeek ez dakitena ikas dezatela, baizik eta oraindik ez direna izan daitezela. Zentzu horretan berebiziko garrantzia hartu du transbertsalitateak eskola ereduan, eta zeharka bada ere, landu egiten dira hainbat gai helburu horren harira: gizatasuna, bakea, elkarbizitza, osasuna, sexuen arteko aukera berdintasuna, ingurumena. Hezkuntza komunitateak onartu egiten du, beraz, badagoela, eduki akademikoetatik harago, umeek garatu beharreko gaitasun eta balio multzoa, eta garrantzitsua dela berezko lekua izan dezatela eskola kurrikulumean, baina baita familian ere.

Ez al da inkongruentea, orduan, eskolak eduki transbertsal horiek garatzeko hainbesteko ahalegina egitea, eta gero familiei gauza bera egiteko aukera etxerako lanek uzten dieten tartera mugatzea? Ez al da inkongruentea, esate baterako, Azaroaren 25ean, Martxoaren 8an, Sagar Egunean, Euskararen Egunean, etab. eskola orduak hainbat jokabide lantzeko erabiltzea, eta familiek egun horietako arratsaldeak eduki horiek irmotzeko ekintza osagarriak egiten eman beharrean, fitxak eta matematikako buruketak egiten ematea?

Familiaren barruan gertatzen dena izaten da etorkizuneko jokabidearen ernamuina, eta familiok ere denbora behar dugu autonomia, erantzukizuna, enpatia, elkartasuna eta beste hainbat gai zuzenean lantzeko. Eskolak bezainbeste. Erabakia nirea balitz, familia denbora ez litzateke inoiz eskola edukiak indartzeko hipotekatuko. Baina irakasleek benetan uste badute etxean lantxoak egiteko ohitura hori funtsezkoa dela umeentzat, erabili ditzatela sikieran transbertsalitate hori errotzeko, oztopatu beharrean: aitak amari kolpea eman dio afaria hotz dagoelako. Eseri familiako kide guztiak eta kontatu elkarri nola sentituko zinateketen. Datorren urtean, akaso.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak