Zutabeak

Ezgai izateko eskubidea

Ardura postuetan gizon ezgai adina emakume ezgai dagoenean, orduan helduko da berdintasuna”. Esaldi hori ekarri dute gogora iragan astean emakumeak politikan duen rolaz hausnartzeko elkartu diren Eusko Legebiltzarreko alderdietako bost kide emakumek. Eta arrazoi osoz, izan ere, gizonei gutxienez aitortu egiten zaie ezgaitasun hori, emakumeon kasuan generoari berari egozten zaion bitartean. Tristea da gero, norbere ezgaitasuna aldarrikatu behar izatea, baina hala da: izaki bezala inutilak izateko eskubidea ere ez zaigu onartzen guri. Eta, zergatik ez, gizonak bezain ezgai eta inutilak izan ahal gara, horixe besterik ez genuen behar!

Emakumeon ahalduntzearen gaiarekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Erabaki egokiak har ditzagun ahaldundu behar dugula uste du zenbaitek. Gu ez beste norbaitek erabaki behar al du zeintzuk diren erabaki egoki horiek ala? Ahalduntzea helburu duten ekimenek inguratzen gaituen errealitatea modu kritikoan analizatzeko gaitasuna eman beharko ligukete, besterik ez. Guri geuri dagokigu hortik aurrera erabakiak hartzea, zuzenak ez badira ere. Guri geuri gure gaitasuna, eta, zergatik ez, gure ez-gaitasuna erakustea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak