Zutabeak

Desobedientzia zibila

Zilegi al da desobedientzia, helburua jardute instituzional baten ondoriozko bidegabekeriaren bat agerian uztea denean? Zilegi al da legea urratzea, lege hori moralki arbuiagarria edo gehiengoaren interesen kontrakoa dela sinisten denean? Baietz uste dute Mikel Zuloagak eta Begoña Huartek, eta horregatik erabaki zuten iragan hilean Greziatik Euskadira 8 errefuxiatu ezkutatuta ekartzen saiatzea. Atxilotu ahal zituztela bazekiten arren, prest agertu ziren zigorra euren gain hartzeko, bidegabekeriaren aurrean gizarteari dei egiteko erantzukizuna zutela sentitzen zutelako ziurrenik.

Eztabaidagarria izaten da beti desobedientzia zibila. Gobernuentzat zigortu beharrekoa da beti, izaera iraultzailea duelako, eta arauekiko eta ordenarekiko errespetua kolokan jartzen duelako. Baina desobedientziari esker lortu izan dira gure gizartearen historian eskubide eta askatasunei dagokienez eman izan diren aurrerapauso handienetako batzuk, zenbait egoeratan ezinbestekoa baita lehen haustura hori eman dadila, gizartea bera eskubide horien alde mobiliza dadin. Eta modu baketsuan, eta demokraziaren arauak errespetatuta egiten den bitartean, desobedientzia zibilak beti izango du gizarte hobe batera heltzeko bide bezala zilegitasun osoa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak