Quantcast

Gela huts bat

Virginia Woolfek gela propioa aldarrikatzen zuen emakumeontzat, gure gaitasun intelektuala aska zedin baldintza bakar gisa. Orduko denborako literatura gizonen monopolioa zen oraindik, eta aldaketa eman zedin nolabaiteko askatasun ekonomikoa lortu behar genuela jarri nahi izan zuen agerian, gela propioaren metaforarekin.

Sano aldatu dira kontuak, ordutik. Gaur egun badaukagu formazio akademikoa lortzeko eskubidea, eta, orduan ez bezala, baita, literaturan, eta kulturan oro har, gaitasun sortzaile hori erakusteko aukera. Litekeena da, hori bai, behin hori eginda, gure lanaren balioa hainbat esparrutan gutxietsita ikustea, gizartearentzat ekarpenik ote daukan kolokan jartzea baten batek, edo gure lana gu geu sexualizatzeko aprobetxatzea. Azpiraturik ez dagoenean, ezin da eta, garailerik egon, eta, horrenbestez, kolokan jarri behar da gure balio hori, nola edo hala.

Nago oraindik ere badaukagula, emakumeok, gela propio horren beharra. Gurea baino ez den gela bat. Marienea bat. Sortzeko bakarrik ez, estutzen gaituzten kortseak askatzeko ere bai. Izateko, besterik gabe. Gela bat. Gela huts bat, oraindik ere gizonena den etxe honetan.

Erlazionatutako edukiak

*

*

Top