Zutabeak

Korrikalari berriak

Egun hauetan hunkigarria da pentsatzea edozein ordutan, nonbaiten, zoro zoragarri batzuk euskararen alde #KORRIKA dabiltzala”. Ederki azaldu du Tasiok, biñeta bukoliko baten bidez, euskaldunok asteotan bizi eta sentitzen duguna.

Euskaldunberriekin akordatzen naiz ni Korrika garaietan. Eremu erdaldunetan bizi zaretenokin, bereziki. Korrika euskararen aldeko keinu erraldoia da. Ikusgarri eta zirraragarria, dudarik gabe. Baina ez da, inolaz ere, urtean zehar zuetako hainbat eta hainbat euskaldunberrik egiten duzuen ahalegina bezain indartsu eta eraginkorra. Ezta hurrik eman ere. Korrika indar baten erakusleiho erraldoia da, bai, baina indar horrek eguneroko hautuetan du izana. Eta ondo dakit zeinen zaila den zuen herrietan euskararen aldeko hautu txikiena ere egitea. Zeinen gogorra den hizkuntza berri bat ikasteko prozesua. Zeinen gogorra taberna edo denda batean euskaraz eskatzera ausartzeko erauzi beharreko murrua.

Eskerrik asko, beraz, zuei, urtean zehar egiten dituzuen keinu txiki horiengatik guztiengatik. Zapar edozeinek bere itzala duen bezalaxe, euskararen aldeko keinu txikienak ere badu bere oihartzuna, ezetz ematen badu ere. Eskerrik asko, txikerrak izanagatik ere, euskararen alde duzuen hainbat odol emateagatik. Eskerrik asko, Korrika amaitutakoan ere, hunkigarria izango baita pentsatzea edozein ordutan, edozein lekutan, zoro-berri zoragarri batzuk euskararen alde #PITINKA zabiltzatela.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak