→Hego Uribe

Apuntatu erosteko

“Barazkiak bukatu dira, aita! Apuntatu erosteko”, esan ohi dit nire semeak. Bada tomatea latan jaiotzen dela pentsatzen duenik eta esnea tetra briketan. Nire semeak badaki zer den ortu bat, zapaldu du, galdetu du hau zer den, eta horko hori? Xomorroak existitzen direla badaki, eta soloan asko eta mota guztietakoak daudela. Belar txarrak ez ditu kendu, hiru urte besterik ez ditu, baina badaki ez dela lan xamurra. Hala ere, “apuntatu erosteko” dio, naturaltasun osoz.

Ez nau harritzen patatak nondik datozen ez dakien umerik egoteak. Herri eta baserri munduen arteko distantzia erraldoia da, eta belaunaldien arteko arrakala are handiagoa. Denbora balore preziatua da bizi garen garaian: denbora da dugun bakarra, eta tipula batek bospasei hilabete behar ditu landatzetik jaso arte. Hortaz, “apuntatu erosteko”.

Ez dut esango naturari zer zor diogun, zenbat kendu diogun eta blablabla horiek guztiak. Edo esfortzuarekin lortutakoek zapore hobea dutela. Gaur egun, bide laburra duten argudioak direla uste dut, nahiz eta egia borobilak izan.

Esango dut zein poz aurpegia duten umeek eurek landatutako, zaindu eta hazitako patatak jaso eta ondoren jaterakoan. Ez pentsa jabetzen direnik naturaren zikloaren parte bihurtu direla, edo une batez kapitalismotik aldendu direla. Ez. Gu guztiok, umeak bezala, primarioagoak gara: mendiak askatasuna ematen digun moduan, soloek ere zerbait ematen digutela uste dut. Ez nuke asmatuko hitz batean esaten: “Libre zara nahi duzuna landatzeko, zuk gura duzun moduan zaindu, zuk nahi duzun sasioan jaso eta mahai gainean otordu osasuntsu bat egiteko”, dio soloak.

Hego Uribeko herri asko ari dira ortu  ekologikoak sustatzen. Ez dakit herritarren erantzuna handia ala eskasa den, baina argi daukat herriak baserrietara gerturatzen baditugu, gu guztiok hobeto biziko ginatekeela. Eta jakina jarraituko dudala “apuntatzen erosteko”, baina apur bat libreago izango gara. Eta hori asko da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak