Zutabeak

Així no

Hiztegiak dio nork bere buruarekiko errespetua izatea dela duintasuna. Norberak erakusten du eta norberak galtzen du duintasuna eguneroko eginetan. Galdu daiteke, esate baterako, euskaraz hitz egiteko gogoa izan arren, eta solaskideak euskara ulertu arren, erdarara jotzen dugunean, aurrean dagoenari gure hizkuntza okerreko zulotik sartu zaiolako. Hau  da, besteen oilarkerien aurrean men egiten dugunean hizkuntza kontuetan.

Duintasuna praktikan zer den Garitano entrenatzaileak erakutsi zigun. Almerian, Eibarren aurkako partida galdu osteko prentsaurrekoan, euskaraz eginiko galdera bati euskaraz erantzuten ari zela, birritan protestatu zuten kazetari batzuek. “Pasa algo, o qué” bota zien Garitanok eta, protestaren arrazoia euskara erabiltzea zela ikusita, altxatu eta alde egin zuen. #MilaEskerGaritano idatzita zuen elastikoa erosi nuen orduan, entrenatzailearen duintasun-irakaspena eskertzeko.

Nire azken hizkuntz super-heroia katalana da. Duela gutxi, diskurtso bat bota zuen hamaika komunikabideren aurrean, Felipe VI Espainiako erregeari erantzuteko. Diskurtsoa katalanez hasi zuen, eta, Espainiako hiritarrei hitz egiteko unean, hizkuntzaz aldatu zuen: “Por eso quiero dirigirme a los ciudadanos españoles…”. Sarri egin ditu antzekoak, ingelesa eta frantsesa erabili ohi ditu nazioarteko komunitateari hitz egiteko. Horraino ustekaberik ez. Ezustekoa etorri zen Espainiako erregeari hitz egiteko momentua heldu zitzaionean: “Voldria adreçar-me directament a Sa Majestat en la llengua que sé que entén, coneix i parla”. Horrelako sarrerarekin, eta aurretik Espainiako herritarrei gazteleraz egin ziela jakinda, ziur nengoen gazteleraz jarraituko zuena, baina ez! “Així no” bota zion Espainiako erregeari eta katalanez jarraitu zuen erregeren diskurtsoaren gaineko gaitzespena. Batzuetan, hizkuntz hautuak adierazten ditu gauza gehiago diskurtsoaren edukiak baino. Així no. Zaila da bi hitzetan duintasuna zer den argiago azaltzea. #MilaEskerPresident.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|