Quantcast

Bestelakoak

“Zer izan behar du batek buruan bestearen hizkuntza gutxiesteko?” Galdera hori bururatu zait, beharbada, aurreko astean senide batek lagunarekin izaniko eztabaida gogoratu dudalako. Zure hizkuntzak ez duela ezertarako balio botatzen dizunak, zer esan nahi dizu benetan horrekin? Parekotzat hartzen zaitu edo zu baino gehiago sentitzen da? Estimua adierazten dizu edo gorrotoa sumatzen zaio? Bestelakoa onartzeko gauza da, edo ezberdina menperatzeko obsesioa dauka?

Normalean, hizkuntza-gutxiespenek itxura biguna izaten dute eta zentzuzko arrazoiak ematen dute. Esaterako, “zure hizkuntza ikastea baino, hobe da ingelesa ikastea”, edo “zurea bigarren mailako hizkuntza da, nirearekin alderatuta”, edo “zure hizkuntza erabiltzea inposizioa da eta errespetu falta”. Horrelakoak entzun behar izan zituen senideak eztabaidan. Gazteleraz ari zitzaion laguna, eta euskarari buruz ari zen.

Aspaldidanik erabiltzen dut zentzuzko arrazoiak eta beste asmo iluneko argudioak bereizteko araua: zentzuzko arrazoiak baliagarriak dira edozein hizkuntzatarako, baita nork bere hizkuntzari aplikatzeko ere; gutxiesteko argudioak, ostera, bestearen hizkuntzari bakarrik aplikatu ohi zaizkio. Euskara gutxiesten ari zen lagunak esan zezakeen, esate baterako, gaztelera bigarren mailako hizkuntza dela Europan, alemanarekin edo ingelesarekin alderatuta, eta ez duela merezi gaztelania ikastea; edo esan zezakeen ulertzen ez duen pertsona baten aurrean gaztelera erabiltzea inposizioa eta errespetu falta dela. Baina ez zuen horrelakorik esan, jakina. Gaztelania bere ama-hizkuntza da, estimatzen du, eta horregatik ez du gutxiesten. Ea noiz ikasten duen bestelakoak ere estimatzen!

Erlazionatutako edukiak

*

*

Top