Zutabeak

Euskara kalera

Uztailean aurkeztu zuen Soziolinguistika Klusterrak Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa. Bost urtean behin egiten dute, kalean ibiltzen dira behatzaileak, jendeak zein hizkuntza erabiltzen duen entzuteko. 2016ko neurketak erakutsi du euskararen kale-erabilerak behera egin duela Euskal Herrian azken hamar urteotan, %13,7tik %12,6ra. Bizkaiko joera kezkagarria da: 2006an %10,6; 2016an %8,8.

Kaleko neurketak erakusten du haurren eta gazteen kale-erabilerak ere atzeraka egin duela azken hamar urteotan. Tentazioa egon daiteke erabileraren gaia haur eta gazteen bizkar jartzeko, baina erantzukizun nagusia helduona da: askotan, gure arteko hizkuntza-jokabideek erakusten diete euskaraz egitea ez dela erdaraz egitea bezain legitimoa eta naturala helduen munduan. Izan ere, neurketan ikusten da haurrekin ari garenean erabiltzen dugula nagusiok euskara gehien, eta zenbat eta zaharrago, euskararen erabilera txikiagoa dela.

Kezkagarriak dira datuak, baina ez harrigarriak. Euskaltzaleen artean aspaldikoa da geldialdiari buruzko kezka eta eman beharreko erantzunaren gaineko adostasuna. Gure arteko hizkuntza-ohiturak eta arau inplizituak aldatu behar dira, euskara erabiltzea legitimoa eta erraza izan dadin. Ohituretan eragitea ez da kontu samurra eta ezinbestekoa ikusten da eredu berria erabiltzea: instituzioak, herri-eragileak eta herritarrak elkarlanean, berdinetik berdinera, gure arteko aniztasuna onartuta. Badago ikasturte berrian itxaropena izateko arrazoirik. Hainbat lekutan hasi dira lanean herritar talde, erakunde eta elkarteak, iritziak partekatuz eta ideiak proposatuz. Zabaltzen ari da proiektu berri bat, “EUSKARAK 365 EGUN”. Ez galdu protagonista izateko aukera!

Gora