Kirola

Mariano, euskara eta kirola

Gaur egungo umorista onenen artean daukat Mariano Rajoy. Bruselan, prentsaurreko batean, BBCko kazetari batek honako eskaera hau egin zion: “Brexit question in english, if you don’t mind” (Brexitari buruzko galdera bat ingelesez, ez bazaizu inporta). Rajoyren erantzuna: “Bueno, no, hombre, no vamos a hacer…”. Segituan, atzamarrarekin seinalatu zuen kazetari espainol bat, eta txanda eman zion esanez: “Venga, adelante”. BBCko kazetaria galdera egin barik eta aho zabalik gelditu zen. Marianok baditu aurretik eginiko beste interbentzio xelebre batzuk: “It’s very difficult todo esto”, edo “Bueno, one hour” (datorren astean esan nahi zuen!). Hiru ordu eskaintzen omen dizkio astero ingelesari, baina begi bistakoa da emaitza. Jakina, hizkuntza-maila itxuroso batera heltzeko, klaseetara joatea ez da nahikoa, ezinbestekoa da hizkuntza hori erabiltzea. Horrela da euskararen kasuan ere: zaila da barneratzea erabili ezean. Horregatik da hain garrantzitsua euskara erabiltzeko aukerak zabaltzea.

Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika klusterrak ARRUE izeneko ikerketa egin zuten ikastetxeetako euskararen erabilera aztertzeko. Ikerketak erakutsi du askoz gutxiago erabiltzen dela euskara institutuan eskolan baino. Adinak aurrera egin ahala, gero eta gehiago murgiltzen dira ikasleak eskolaz kanpoko errealitatean, eta errealitate hori, gehienetan, erdalduna da. Ikerketaren beste ondorio nagusietako bat da eskolan baitako euskara-erabilera lotuta dagoela eskolaz kanpoko jarduera antolatuetan erabiltzen den hizkuntzarekin. Euskara erabiltzen denean eskolaz kanpoko jardueretan, klasean gehiago erabiltzen dute ikasleek euskara. Begien bistakoa da, beraz, zein erabakigarria den ikastetxetik kanpo ere euskara erabiltzeko aukera eskaintzea eta lehenestea.

Erabaki hori hartu dute Arrigorriagako 9 kirol-taldek eta, ondorioz, Arrigorriagan Kirola Euskaraz ekimena sustatuko dute. Askotarikoak dira kirol-taldeen abiapuntuak eta helburuak, baina guztiek eman nahi dute pauso bat aurrera, hizkuntz jokabide koherenteagoak eskaintzeko haurren kirolean, etorkizunean gaitasun eta aukera berdinak izan ditzaten euskara edo erdara erabiltzeko. Kirol-talde horiek erakutsi digute, kirola sustatzeaz gain, haur eta gazteen hezkuntzaz ere arduratzen direla. Eskertzekoa da oso. Bultzatzen ari diren ekimena eragin handikoa izan daiteke. Jar dezagun guztiok geure harri-koskorra arrakastatsua izan dadin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak