Zutabeak

Preguntes Freqüents

Komunikabideek eragin handia dute gure arteko arau inplizituetan, hau da, idatzita ez dauden baina gehienok errespetatzen ditugun jokatzeko arauetan. Hizkuntz kontuetan ere bai: bidezko edo, bestela, desegoki egin dezakete jokabide bat. Kataluniako TV3eko Preguntes Freqüents programan elkarrizketatu zituzten, duela egun batzuk, Garcia-Margallo, Espainiako ministro ohia, eta Ramón Cotarelo, Madrileko politologoa. Gazteleraz aritu ziren biak. Suposatzen dut ez direla gai katalanez hitz egiteko, baina bai, ostera, katalana ulertzeko. TV3eko aurkezleak, Ricard Ustrellek, katalanez hitz egin zuen elkarrizketa osoan, eta ez zen inolako arazorik egon. Hirurak aritu ziren naturaltasun osoz, elkarrizketan hizkuntza biak, katalana eta gaztelera, nahastuz. Ohikoa da egoera hori Kataluniako telebistan; ez, ostera, gurean. TV3eko aurkezleen jokabideak adierazten du bidezkoa dela katalanez hitz egitea gazteleraz ari den solaskideari, baldin eta katalana ulertzen badu. Zer adierazten dute gure inguruan ikusten ditugun jokabideek?

Hizkuntza bat erabiltzea (edo ez) ez da gizabanakoaren kontua bakarrik. Inguruak eragin handia dauka. TV3en bezala, arau inplizituak daude leku eta egoera guztietan, eta gure eguneroko erabakietan eragiten dute. Esate baterako, lagun koadrila batzuetan ohikoa izan daiteke TV3eko aurkezlearen moduko jokabidea, hau da, euskaraz egitea solaskideak erdaraz erantzun arren. Beste batzuetan, berriz, barneratu barik egon daiteke, oraindik ere, gizartea eleanitza dela, eta naturala eta bidezkoa dela bakoitzak nahi duen hizkuntza erabiltzea. Talde horietan, oso zaila da gaztelera ez den beste hizkuntzarik erabiltzea.

Baina lagun taldeetako arauak eta ohiturak ez dira aldaezinak, moldatu egin daitezke. Zenbat bider aritzen gara erdara hutsean, horretara behartuta egon gabe, ohituragatik? Jokabide hori aldatzean dago gakoa. Euskara erabiltzea erdaraz aritzea bezain bidezkoa dela zabaldu nahi badugu, gure praktikak erakutsi behar dugu. Pauso hori egin gabe ez dago euskararen erabilera zabaltzerik. Ez utzi biharko gaur egin ahal dena!

Gora