Zutabeak

Elastikoa

“Ametsak ekinez eginak” dio Elezkano II.aren lagunen elastikoak. Kultura batzuetan ez da estimatzen ametsak lanari esker betetzea: esfortzurik gabeko lorpenak goraipatzen dira. Denok pozteko moduko berria izan daiteke, esaterako, loteriaren bidez aberastea, eta egunkarietako lehen orrietan agertuko da albistea. Dirua lanari ekinda egiteak, berriz, susmoak eta zalantzak sor ditzake. Kultura horietan gazte askoren idoloak ez dira gauza bigarren hezkuntza-maila gainditzeko, baina jaiotzatik dute baloiari ostikoak emateko berezko trebetasuna.  Ikasle onek ez dute aitortzen zenbat orduz ikasten duten, gaizki ikusita dagoelako ukondoak urratzea nota onak lortzeko. “Empollón!” entzun beharko dute, zentzu peioratiboan, hori egiten duten lagunek; azterketa ikasi gabe gainditzen dutenek, berriz, “crack”. 

Horrelako kulturetan ulergarria izan daiteke  autonomia-erkide bateko lehendakariak master faltsuak aipatzea curriculumean. Edo Konstituzio Auzitegiko lehendakari ohiak “good” maila aitortzea ingelesean, eta “very good” frantsesean, Giza Eskubideen Europako auzitegian sartzeko,  gero  “¿Pueden preguntarme en español?” erantzun arren, lehen galdera ingelesez egiten diotenean. Edo Europako Parlamentuko diputatua izanda, elebakarra izatea eta ez ikastea gaztelera ez den beste hizkuntzarik,  lankideekin komunikatzeko gauza ez izan arren, kafe-atsedenetan edo pasilloetan.

Beste kultura batzuek, ostera, estimu handitan dute profesionaltasuna, lana, esfortzua eta gauzak arduraz egitea. Ulertezina egiten zaie alferkeriaren, ezjakintasunaren eta maltzurkeriaren apologia. Komunitate horietan gazte gutxiago daude langabezian, aberastasuna hobeto banatuta dago, ustelkeria ezohikoagoa da, eta, orokorrean, gehiago zabaldu da  jakintza, hizkuntz gaitasunak barne.  “Ametsak ekinez eginak”. Gogokoa dut elastikoa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak