Zutabeak

Karmelo Aiesta | Beltxarga beltza

Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, dio esaera zaharrak. Baina  akats handiak egin daitezke, aurretik ikusitakoari bakarrik erreparatuz gero. Esate baterako, iaz Barçak 4-0 galdu zuen PSG taldearen aurkako Champions partidan Parisen. Hurrengo egunean, UEFAk kalkulatu zuen Barçak kanporaketa gainditzeko  probabilitatea. Aurreko  Champions eta UEFAko emaitza guztiak aztertu zituzten eta ez zuten aurkitu horrelako emaitzari buelta emateko gai izandako futbol talderik. Beraz,  probabilitatea zero zela ondorioztatu zuten eta horrela argitaratu zuten webgune ofizialean.   Baina Barçak 6-1 irabazi zuen Camp Nou zelaian eta kanporaketa aurrera atera zuen. Nola gerta daiteke hori? Argi dago, probabilitatea ez zen zero. Aurretik ikusi ez izanak ez du fenomeno bat  ezinezko egiten.

Era horretako gertakizunei “beltxarga beltzak” esaten zaie. Izena aspaldikoa da.  Hamabosgarren mendera arte, europarrek ikusitako beltxarga guztiak zuriak ziren eta “beltxarga beltza” esapidea erabiltzen zen existitzen ez ziren gauzak adierazteko. Baina Ozeaniara heldu zirenean beltxarga beltzak ikusi zituzten  eta konturatu ziren aurretik ezinezkotzat jotzen zena posible zela.

Joan den larunbatean, Madrilera doan autobideko zerbitzugune batean geratu ginen, Burgosen, kafe bat hartzeko. Lau mutil gazte zeuden gure ondoan. Barrara hurbildu ziren, edariak eskatzeko asmoz. “Hiru kafe-esne, basoan” bota zuen batek, ozenki, euskaraz eta natural-natural. Ahobizi Burgosen. Ez dut ahaztuko neska zerbitzariak jarri zuen aurpegia:  begiak zabal zabalik, irribarrea ezpainetan, beltxarga beltza lehenengoz ikusi izan balu bezala.

Bitxiak dira beltxarga beltzak, ezohikoak, espero ez direnak, baina, gutxi izan arren, eragin handia dute inguruan, aldez aurretik ezinezkotzat jotzen zena  posible egiten dutelako: ezezagunaren aurrean, euskaraz lehen hitza, beti. Ea gurean ere beltxarga beltz asko agertzen diren Euskaraldian.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|