Zutabeak

Zerk egiten gaitu euskaldun?

Irailaren lehen asteburuan ekialde hurbilera joan ginen, hau da, Ainhoara (Lapurdi). Ainhoa oso hurbil dago Arrigorriagatik, baina harrigarria da zelan alda daitekeen norberaren jokabidea oso esparru txikian. Hizkuntza aukeratzeko, betiko aurreiritzietan oinarritu beharrean erabakia, galdetu egiten nuen eta, erantzuna entzun ostean, hizkuntza hautatu:

  • Euskalduna al zara?
  • Bai

Ba, aurrera! Euskara hutsean aritu nintzen lehenegunean, erdararik erabili gabe. Far westeko euskalduna ekialde hurbilean, etxeko sutondoan baino gusturago!

Euskalduna al zara? galderak ez dauka ordezkorik erdaraz, hori ikasi nuen Ainhoan. Bertako biztanle bati galdetu nion, Euskalduna al zara?, eta baietz esan zidan. Beraz, euskaraz galdetu nion nondik joan gintezkeen Dantxarineara, errepidea saihestuta. Elkarrizketa sano luzatu zen, ez zuen solasaldia amaitu nahi. Haren aurpegiak, irribarreak eta keinuek zera esaten zuten: bai, euskalduna naiz, zuen herri berekoa, zuen modukoa. Bere bihotzeko ateak parez pare zabaldu zizkigun eta egundoko enpatia sentitu genuen denok.

Joxe Manuel Odriozolak dio hizkuntza bakoitzak nazio batean integratzen gaituela gure borondatea gorabehera. Ados nago, baina “nazio” hitzari errespetu handia diodanez, “komunitate” erabiliko dut nik. Hizkuntza espainolak komunitate espainolean integratu nau, eta hori aberasgarria izan da, ziur aski, baina Ainhoako euskaldunaren begietan, gaztelerak arrotz egiten nau. Frantsesak komunitate frantsesean integratzen ditu Lapurdiko euskaldunak, eta hori ere onuragarria izan daiteke haientzat, baina Bizkaiako euskaldunaren begietan, frantses hizkuntzak kanpotar egiten ditu euskaldunak.

Batzuek garrantzia kendu nahi diote euskarari, eta sinestarazi nahi dute kokapen geogra koa nahikoa dela komunitate batean edo nazio batean integratzeko, baina ez da horrela, bizilekuak ez du hori bermatzen. Gurean, komunitate espainolarekin eta frantsesarekin batera, euskaldunon komunitatea dago, eta euskal komunitatean integratzeko, euskara da bidea. Euskara1 da euskaldun egiten gaituena eta gozamen hutsa da euskalduna izatea. Hori da Ainhoan ikusi, ikasi eta sentitu nuena.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak