Zutabeak

Konfort-emakumeak

Badira eufemismo bereziki iraingarriak. Helburu politiko edo ekonomiko bat oinarri, jazoera onartezinak leundu edo arintzeko asmoz tentuz eta berariaz aukeratzen diren hitz eta esapideak izaten dira denetan larrienak, errealitateari buruzko irudi edulkoratua agertzeko asmo garbiaz erabiltzen direnak. Azken egunotan izan dugu gertaerak ideologikoki manipulatzeko hitzek duten indarraren berri, Konfort-emakume izenaz ezagutzen ditugun emakumeen gaiaren inguruan Japonia eta Hego-Korea herrialdeek sinatu berri duten akordioaren kontura.

Konfort-emakume eufemismoa Bigarren Mundu Gerran japoniar inbasio kolonialaren baitan haien etxeetarik bahitutako Korea, Txina, Japonia, Filipinak, Tailandia, Vietnam, Malasia, Taiwan eta Indonesiako berrehun bat mila emakume aipatzeko erabiltzen da. Japoniako tropa inperialek emakume -eta ume- horiek haien etxe edo lantokietatik erauzi, eta Armadak tropa horientzat bereziki prestatutako kontsolamendu-etxeetara eraman zituzten, sexu-esklabo. Eguneko 7-8 orduz bortxatu eta torturatzen zituzten, sistematikoki, eta asko bertan hil ziren, gaixotasunak jota, edo bertan egiten ziren abortu eta bizi-baldintzen ondorioz. Hego-Koreak akordio historiko horretan ezarritako baldintzen arabera, Japoniak emakume korear horietatik bizirik dirautenei -50 bat, gaur egun- laguntza ekonomikoa bideratu behar izan die, eta barkamena eskatu, modu ofizialean, horrekin herrialde bien arteko tirabirak amaitutzat emateko.

Hizkuntza sano boteretsua da, baina. Sano. Eta ondotxo dakite hori aginte organoek. Ez da kasualitatea, inolaz ere, organo horiek egiten duten eufemismoen erabilera arbitrarioa. Emakumeak harreman sexualak izatera behartu, eta emakumeak sistematikoki bortxatu adierazpenak erabil daitezke gauza bera adierazteko, dudarik gabe, baina semantikoki ez dira parekoak, lehenengoak ez baitu bigarrenaren larritasun berbera adierazten. Eta prostituta bezala lan egitera behartu, konfort-emakume bezala lan egitera behartu adierazpenek ez dute, inondik inora, emakume horiek pairatutakoa islatzen. Eta konnotazio semantiko itxuraz txiki horiek ikaragarri boteretsuak dira, organo horiek beraien mesederako erabiltzen dituztenean.

Nago emakume horientzat “onartu egiten dugu japoniar gobernuak erantzukizunik baduela konfort-emakumeen gaian” ez dela nahikoa izango. Izan ere, adierazpen hori, eta “onartu egiten dugu Japoniar Armada inperialeko soldaduek ume eta emakumeak bahitu, eta sistematikoki bortxatu eta torturatu zituztela gerrak iraun zuen bitartean Armadak berak zuzenean edo zeharka kudeatutako etxeetan eta bere oniritziarekin” ez dira eta, gauza bera

Iraingarria behar izan du emakume horientzat, halabeharrez, Japoniako Lehen Ministroak barka eske horretan egin duen hizkuntza-erabilera aditzea. Erraietaraino mingarria, errealitatea bere alde bihurkaritu eta ur-lohietan ez jausteko, egoerari zeharka heldu, eta hizkuntzak eskaintzen dituen aukeratan itzulinguruka dantzan ikustea. Nago emakume horientzat “onartu egiten dugu japoniar gobernuak erantzukizunik baduela konfort-emakumeen gaian” ez dela nahikoa izango. Izan ere, adierazpen hori, eta “onartu egiten dugu Japoniar Armada inperialeko soldaduek ume eta emakumeak bahitu, eta sistematikoki bortxatu eta torturatu zituztela gerrak iraun zuen bitartean Armadak berak zuzenean edo zeharka kudeatutako etxeetan eta bere oniritziarekin” ez dira eta, gauza bera. Konfort-emakume, kontsolamendu-etxe eta antzeko hitzek despertsonalizatu egiten dute emakume horien inguruan jazotako benetako errealitatea, eta gerraren baitako gainerako sufrimenduen artean urtzeraino disolbatzen dute, haien pairamena. Hitzok ez dakarzkigute gogora egun bakar batean 80 soldaduk bortxatzen dituzten 14 urteko ume esklaboen lanturuak. Eta baten batek esan zuen behin esaten ez dena, ez dela existitzen. Etorkizunean horrelakorik berriro gerta ez dadila helburu bada benetan, gertaera onartezin bakoitzari dagokion izena jarri behar zaio, ezinbestean, edo, finean, ez da gertatu.

Konfort-emakume, kontsolamendu-etxe eta antzeko hitzek despertsonalizatu egiten dute emakume horien inguruan jazotako benetako errealitatea, eta gerraren baitako gainerako sufrimenduen artean urtzeraino disolbatzen dute, haien pairamena

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak