Zutabeak

Kultur heriotza

Heziketa sistemaren aldaketak, etxe berrien eraikuntzak, garraiobideen hedapenak edota langabeziak, besteak beste, herri baten kultur eboluzioan erantzukizun zuzena dute. Alegia, hainbat esparrutan ulertutako arkitekturak berebiziko garrantzia du gizarte baten kulturan.

Bereiz dezagun kultura bi multzotan. Lehenengoan, harremantzeko moduak ulertzen dituen kultura sartuko dugu, eta bigarrenean, sormenetik loratutako lanak biltzen dituen kultura.
Lehengoari dagokionez, lagun sarea sortzen ari diren gazteen artean, harremantzeko modu fisikoa ikaragarriki aldatu da azken hamarkadan. Alde batetik, aurreko hiru aldagai horiek kontutan izan behar dira, eta bestetik, teknologia berriek sortu duten erabateko menpekotasuna. Izan ere, gaur egun kostata irudika daiteke berehalako jariorik gabeko komunikazioa, hortaz, hasi gara horren ondorio negatiboak pairatzen. Halaber, isiltasunak zentzua galdu du, ezezaguna denaren aurrean beldurra sortu da, une oro lokalizatuta egoteak aisialdia moduak transformatu ditu eta abar.

Eta lehenengo multzotik bigarrenera saltoa egiteko, arkitekturak badu garrantzia. Esate baterako, gure bailaran metroa duten herrien eta ez duten herrien artean badira ezberdintasunak, adibidez, herriko kaleak bizirik mantendu dituztenak, edota apurka-apurka hiltzen ari direnak. Hein horretan, arreta deitzeko modukoa da Basaurik bizi izan duen beherakada. Batetik, kalean xahutzeko lehen bezainbeste diru ez daukagulako, eta bestetik trena hartu eta pare bat minututan gure herriko eskaintza baino erakargarriagoa duen edonora hel gaitezkeelako. Ukaezina da hainbat kolektibo horri buelta emateko egiten ari den esfortzua, esate baterako, Txarraskan Gaztetxea, Marienea bezalako proiektu aberatsak herriari egin dion ekarpena, Social Antzokiaren programazioa, Kirol elkarteak edota Skate munduan dabiltzanen lana. Aspaldi itxi zituzten/genituen hamaika zinema aretoak bakar bat geratu den arte. Musikak hartu zuen lekukoa. Toki guztietako taldeak gurera ekartzen zituen Bederatzietan izeneko egitasmoa bertan behera utzi zutenetik, ez da gauza handirik piztu Basaurin. Aski berria den MAZ jaialdia daukagu (egonkortzen ari den arren urtean behin da) eta Txarraskanek antolatzen dituen zuzenekoak. Kirolak, ordea, badu indarra. Beti izan du indarra.

Hala ere, herria kulturalki hiltzen uzten ari gara?

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak