Zutabeak

Laguntzaren mina

Poztu nau Basauriko eta Galdakaoko udalerriek biztanleok errefuxiatuak etxean har ditzagun lortzeko egiten ari diren ahaleginak. Alta, baikorki jo dut ere, deialdia eta azalpena paperean nola irudikatu duten. Azpimarra jarri dutelako erakundeak erantzun koordinatu eta integratua emateko beharrean. Ea egia den eta ez den alderdien itxurakerian geratzen. Azaldu dute, gainera, bizirauteko euren herrialdeetatik alde egin behar izan duten pertsona horiei guztiei arreta eta laguntza eraginkorra eman behar zaiela. Jakin nahiko nuke guri eskaintzen digutela uste duten arreta eta laguntza eraginkor hori nola definitzen duten. Hala ere, susmoa daukat, Osakidetzan hainbat espezialistekin hitzordua lotzeko itxaron behar dena ez dela kategoria horretan sartzen. Adibidez. Edo, tira, ez gara guztiaz kexatuko, behintzat laster baten zorioneko batzuek babes ofizialeko etxeak jasoko baitituzte Basaurin, beste askok herritik alde egin behar izan dugun bitartean.

Haatik, bai, ezin ukatu laguntza beharren araberakoa eta eraginkorra izan behar duela. Era berean, ezin da ukatu, gure bailaran askok lagundu nahiko luketeen arren, kostata berma dezaketela euren oinarrizko beharren asetzea. Hortaz, nekez heltzen badira hilabete amaierara, malabareak egin beharko dituzte laguntza eskaintzeko. Halaber, zenbaitetan harriagarria da, nola estutasunez bizitzen dakiena handitasunean igeri dabilena baino eskuzabalagoa den. Horretarako laguntzeko prest egon behar da, eta noski, mundu guztia ez dago laguntzeko prest.

Horregatik martxan jartzen dira sentsibilizazio kanpainak. Horien esentzia hartzailearekin enpatia lotura sortzea da. Horietan Euskal Herritarrok urteak atzera errefuxiatuak izan ginela gogora ekarri digute. Gure memoria historikoari erreferentzia egin diote. Egia da, gure arbasoak errefuxiatuak izan ziren, eta ondo legoke gu lagun gaitzaten nahi dugun bezala, guk ere besteak lagun ditzagun. Baina kontuz. Kontuz memoria historikoa merkantilizatzearekin. Har dezagun tarte herri honen minaz hitz egin eta berau osatzeko, mina arma bailitzan erabiltzen hasi baino..

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak