Zutabeak

Korapiloak

Irakurtzea sobera atsegin ez duela esan zidan lagunak aurrekoan. Ikastolan eta institutuan liburu bat edo beste gustura irakurri zuela, baina ordutik ez duela plazerez liburu bat eskuartean hartu. Gainera, oroitu zidan, garai hartan derrigorrez irakurtzen zuela, nahiz eta onartu, Joxean Sagastizabalen ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ umorezko eleberriarekin dezente barre egin zuela. “Petroleoa bilatu” metafora paregabea iruditzen zitzaiola ahuspez dagoen mutilaren erekzioa deskribatzeko. Esan zuenez, liburu hura irakurri zuenean konturatu baitzen euskaraz lagunarteko gertuko hizkera erabiltzea posible zela.

Erekzioa aipatu zuela, gogoratu zuen Joxemari Iturralderen ‘Lehen amodioa Suedian’ liburuarekin masturbatu zela. Ordura arte ez zuela harreman sexualen inguruko testurik irakurri, eta askatzailea otu zitzaiola bere antzeko edadea zeukan norbaiten peripezia sexualen berri izatea. Lipar batez isildu eta beste irakurketa baten gomuta burura ekarrita, aitortu zidan ez zuela horren ondo pasa Jon Miranderen ‘Haur besoetakoa’ irakurtzen. Alde batetik, erabilitako euskara zenbaitetan zaila egin zitzaiolako, eta besteetan, gizonaren eta haurraren arteko harremanak ezinegona sortu ziolako.

‘Obabakoak’!, oihukatu zidan botepronton. Hizkuntzaren kontua dela-eta, Bernardo Atxagaren liburuak buruko mina eman ziola azaldu zidan. Haatik, hitz dezente azpimarratu zituela arkatzarekin eta etxean aspertuta zeukan 2000 hiztegiari astindu ederra eman behar izan ziola. Penaz esan zuen, klasean atal batzuk besterik ez genituela irakurri, eta tarteka orriak ezagutu zituela, denborarekin liburua amaitu zuen arte.

Orain, lanean atseden hartu eta oporrak gertu dituelako zerbait irakurtzea gustatuko litzaiokeela esan zidan. Ohitura aldatzeko tenorea iritsi zaiola uste duela eta paperera lotuko duen zerbaiten bila ari dela. Hainbat liburu hasi eta 50. orrialdera iritsi aurretik jarraitzeko gogoa galtzen duela. Horregatik dio irakurtzea ez duela sobera atsegin.

Hasitakoen artean, euskaraz bat ere ez. Korapilotsuegiak direla esan zidan, atzeraka egiten diotela. Beraz, aurten dagoeneko euskaraz argitaratu diren eleberri, antzerki eta poesiazko hogeina libururen zerrenda prestatu diot. Papera kordel batekin lotuko dut, ikus dezan, zeinen erraza den korapiloa askatzea.

Gora