Zutabeak

Lorategiak

Urteko kultur erakusleihorik nabarmenenak, alegia, Durangoko Azokak, 2016 urteko kultur jarduna bildu du apaletan. Azokaren paradigma aldatzen ari da, izan ere, urteak atzera argitaletxe eta ekoiztetxe handienek hartzen zuten tokirik ikusgarrienak. Baita garesti eta handienak ere. Gaur egun, ordea, DYI-ak eta autoekoizpenak bere tokia erreklamatzen ari da. Ez da lantegi makala postu bat jartzeak sortzaileentzat suposatzen duen inbertsioa, oro har, sormenari lotuta bizitzea zaila den bezala.

Aurten, momentuz, kultur eztanda potenterik ez da oraindik gertatu. Gogoratu aurreko urteetan Berri Txarrak edota Gatibu taldeek egindako Sold Out parea, zein JP Lohianen lan berriaren iazko aurkezpenak sortu zuen jakin-min handia, esate baterako. Musika alorrean hamaika berritasun ditugun arren, aurten atentzioaren fokoa -eta polemika- literaturan dago. 2016 urteko uztak loreak eta lorategiak ekarri ditu berekin. Esate baterako, kanibalek “janaria prestatu” ezin zutela ondorioztatu duen Ibon Sarasolak, ondorioz, “sukaldatu” hitza onartu du bere hiztegian. Agertu berri den Joseba Sarrionandiaren poema baten titulua dauka ere Sarasolaren saiakera lan berriak: Bitakora Kaiera. Aurkezpenean zera esan zuen bizkaieraz: «Hori da bide bakarra bizkaieraren arazoari aurre egiteko. Bizkaierak euskalki izateari utzi beharko dio, jatorkeria baztertu; bizkaierak bilatu behar du hizkera bat, euskara batuaren kolore bat». Hain justu gure bailaran, non, batua-bizkaiera hibridazioa nagusi den, ba al du zentzurik Sarasolak esandakoa?

Gatazkei helduta beste hiru proposamen: Eider Rodriguez eta Belén Gopeguiren arteko gutun trukaketa argitaratu da aurten. Horretan gatazka bizi duten herrialdeetan literaturak jokatzen duen papera aztertzen dute. Ez kziozko hausnarketa eta estilo ariketa egiten dute. Argitaletxe berdinarekin kaleratuko du aurten bere Jon Arretxe idazle basauriarrak Sator lokatzak eleberria. Eta, gure bailan pista bat edo beste topatuko dugun arren, bere jatorria agertuko ez duen esperimentu anonimoarekin egin dezakegu topo; Koldo Izagirreren hitzaurrea daukan Lardaska liburua, filosofiatik edaten duen literatur saikera eta gizarte kritika bortitzaren jabe dena. Nago, Lardaska-ren kasuan eztabaida sortzea, garaipena dela.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak