Zutabeak

Aulkietan

Eskerrak Gabonetan azaletik hezurretara bitarte zeharkatzen duen maitasunaren berotasuna sentitzeko gaitasuna daukagun. Baina, eskerrak Gabonak amaitu diren.

Kristautasunaren jaia familian eta lagunartean igarotzeko egunak dira. Emakumeen lanari esker, nagusiki, sukaldeak lepo daude eta mahaiaren inguruan inoiz baino aulki gehiago biltzen dira ospakizunetan. Haatik, telebistako iragarkietan ikusten ditugun irudiak aurpegi alaiak dituzten pertsona andanaz osatutakoa badira ere, gu guztion etxeetan aulki hutsak daude. Beraz, Gabonak, aulki beteen edo aulki hutsen garaia da? Zintzoki, ez baitago Gabonak baino gehiago barneak sumintzen dizkidan urteko sasoirik, nabarmenki, aulkietan eserita ikusi nahiko nituzkeenen falta sumatzeagatik. Joandako zenbaiten azalen usainak ez digu sekula santan gehiago sudurrean dantzarik egingo. Beste batzuenak, ordea, posible luke, ez balitz mila kilometrora daudelako eta bertan jarraituko dutelako.

17 urte atzera, 2000 efektuak dena kakaztu behar zuen, eta gauzak zer diren, makinek baino gizakiak kakaztu du etorkizuna. Nazkatuta nago lo gaudela esaten dutenetaz. Nazkatutako nago, lo egon gaitezen neke sikoa eragiten digun lanaren prekarizazioaz. Nazkatuta nago kapitalismoak gizarte eredu perfektua sortzeko erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideetaz. Nazkatuta nago gorputzaren kontrolaz: ansiolitikoez, belaunaldi bat akatu(-ko) duen drogaz edota transexualen patologizazioaz. Nazkatuta nago urteko estreinako albistegian emakume bat erahil dutela entzuteaz.

Baina, hemen gaude beste urtebetez, aulki horietatik altxatu eta bizitzaren borrokarako prest. Nazkak eta nekeak irensten gaituztenean, berriz ere aulki horietan eseri eta maitagarriki atseden hartu ahal izateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak