Zutabeak

Bakea

Gernikako bonbardaketaren 80.urteurrenean gertatu da ETAren armagabetzea. Gertakari horien berri ematen ari zela, haren nazioarteko lagun batek egin zion galdera kontatu zidan ezagun bati. Ezagunak azaldu zion bere entzuleari nola herri honetan gerra zibila pairatu dugun, borroka armatua gertatu den eta, gaur egun, herriaren ordezkariak izan diren Bakearen artisauak borroka armatuaren armak jaso dituztenak. Bere sorpresarako, nazioartean bizi den kideak galdetu zion: «Bai, eta zein izan da lortu den akordioa?». Instant batez pentsakor geratu ostean erantzun zion ezagunak zalantzati: «Bakea?». Bakea.

Borroka egiteko hamaika bide daude eta horren erakuslerik handiena erresistentzia txikiak dira. Hamaika dira ikusten ari garen horrelakoak. Esate baterako, gure aktoreei jartzen ari zaizkien trabak eta haien kontra egiten ari diren boikot kanpainak, leporatzen baitiete borroka armatuaren aldekoak izatea. Horietan azkena, gure bailarako bizilaguna den Itziar Ituñori gertatutakoa. Lanaren poderioz merituzko aktore ibilbide bikaina egiten ari da telebistan, zineman eta antzerkian lan egin duen Ituño. Hortaz bidegabekeri osoarekin jokatzen duten hitz handiak dira horiek. Zergatik? Batetik, problematika pertsoni katuz gure herriak bizi izan duen, eta bizitzen duen sufrimendua sinpli katzen duelako, eta bestetik, bakea eta bizikidetzarako bidea oztopatzen duelako. Hau da, aurrera egiteko oztopoak jartzeko bidea baino ez da.

Tamalez, ezin dezakegu esan iritzi sortze horretan lagundu ez dugunik. Izan ere, Uxua Anduaga soziologoak hilabeteak atzera egindako umorearen inguruko hausnarketan azaldu bezala, boterea duenak zapalduaren lepo barre egiterik badu, zapalduak, ordea, nekez egin diezaioke barre boterea duenari.

‘Ocho apellidos vascos’ filmak zabaldu zuen pandoraren kutxa. Harrezkero, hamaika saio izan dira umore identitarioaren bidez jolas arriskutsuan parte hartu dutenak. Sinetsi nahi dugu bilaterala dela, baina, ez da horrela.

Umorea oso kontu serioa da. Batetik, estereotipoak sortu eta errotzeko ahalmena dauka, eta bestetik, horiek sortu eta errotzeko ahalmena baldin badauka, horrek esan nahi du, gizartearen kontrolerako dispositiboa ere badela. Identitateekin ezaugarri jakin batzuk lotu daitezke umorearen bitartez. Eredu horiek eraikiak dira, umore boteretsuaren bitartez ikasitakoak. Eta hori da zentzu batean gurekin etengabe egin dutena: garena mundu zabalari azaldu diote, guk geuk garena definitzeko aukerarik ez daukagun bitartean.

Gora