Zutabeak

Atera daiteke

Bullying-a tratu txar modu bat da. Hortaz, bullying praktikak bi subjektu ditu: erasotzailea eta biktima. Bullying-aren berezitasunen artean nabarmenenak bi dira: batetik, erasotzailea kolektiboa da. Horrek esan nahi du biktimak isolamendu kolektiboa bizi duela. Eta bestetik, batez ere haur eta gazteen artean identifikatzen den praktika da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi beste adin tarte batzuetan gertatzen den eraso praktika ez denik. Bada, tratu txarrak pairatzen dituzten biktimen artean errepikatzen diren emozio, sentimendu eta sintomak, adibidez: beldurra, mina, sufrimendua, isiltasuna edo pairatzen ari diren egoera azaltzeko ezintasuna, bakardadea, autoestima galera, identitate eta nortasunaren diluitzea, harremanak eraikitzeko zailtasuna, desorekak kon antza eremuaren identi kazioan eta abar. Bullying-a pairatzen duten biktimak identitatea eraikitzen ari diren subjektuak dira, eta horregatik, gazteen artean gertatzen den praktika honen arriskuak oso handiak dira; biktimaren nortasun identitarioan betirako errotuko diren kalteak eragiten dituen praktika da bullying-a.

Bullying-a ez da atzoko kontua, baina, noiz hasi ginen praktika suntsitzailearen inguruko informazioa jasotzen? Bullying-ak biktimak hiltzen zituela jakin ahal izan genuenean, hau da, hedabideek bullying biktimen suizidioen berri ematea erabaki zutenean. Hasiera baino ez zen izan. Izan ere, oro har, tratu txarren inguruko isiltasun konplizea handia da, baita bullying-aren kasuan ere. Batez ere, heziketa zentroetan ematen den praktika zapaltzailea denez gero, heziketa zentroetan denbora partekatzen dutenen jarrerak berebiziko garrantzia dauka: ikaskideek eta langileek bullying-aren berri duten momentutik, bullying kasu horrekiko ardura bat daukate.

Bullying-aren kontra heziketa funtsezkoa da. Agian horregatik, hogei urte ondoren, hedabideek beste buelta bat eman diote tratu txarren gertakariari. EiTBk eta Telecinco hedabideek bullying-aren kontrako kanpainak abian jarri dituzte eta horren inguruko saioak eskaintzen ari dira.

Seguruenik gure herrietako heziketa zentro guztietan gertatu da, eta gertatzen ari da momentu jakin honetan bullying praktikaren bat. Nahiko genuekeena baino ohikoagoa delako. Heziketa beharrezkoa da: praktikak eta mekanismoak identifikatu behar dira eta hori lortzeko elkarri entzutea ezinbestekoa da. Horregatik, talaia honetatik animatu nahi ditut biktima horiek beldurrik ez izatera, indar eta kemen apur bat biltzera, eta gertatzen ari zaiena azaltzera, bullying-etik ere atera daitekeelako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak