Zutabeak

Herri maitasuna

Oximorona bailitzan galdetu ohi dute ea euskaldunak erromantikoak garen. Itaunaren oinarrian ohitura eta usadioei jarraiki eraikitako sinesmena dago: euskaldunak hotzak omen gara, hortaz, gure sentimenduak azaleratzeko nolabaiteko ezintasuna daukagu. Baina, ezintasun delako hori, zerekin alderatuta da ezintasun? Zeinek markatzen du sentimenduak adierazteko modu normala? Noren mesedetan eraiki da estereotipoa? Erreala ote da?

Apirilaren 8an ETAren amargabetzea gauzatu zuten Bakearen Artisauek, euren hitzetan «publikoa eta egiaztatua» den prozesuan. Espainiako eta Frantziako poliziaren inplikazioaren inguruaren galdetu zieten prentsaurrekoan eta eurek erantzun: «bake prozesuaren geldiune baten arriskuaren aitzinean bakoitzak bere ardurak hartu behar dituela pentsatzen dugu prozesu hori bururaino joan dadin eta Euskal Herrian bake zuzen eta iraunkor bat finkatu dadin».

Alegia, kantak dioen legez herriak bakarrik salba dezake herria. Perfektuki ahokatutako administrazioaren engranai hotz, logiko eta mekanikoek ez dute armagabetzea martxan jarri, hots, herritik sortu dira Bakearen Artisauak. Hori bai, martxan ari zirela jakin zutenean prozesua oztopatu zezaketen atxiloketak burutu zituzten gizartean hautsak harrotuta. Esan zuen Rajoyk: «ETAk armak utzi behar ditu» eta kitto, ez da besterik, hori da dena. Hilketak, heriotzak, dispertsioa, gaixotasunak dituzten presoak, presoen familiak… administrazioak ez du hortaz hitz egiten, existituko ez balitz bezala. Herria da aurrera egiteko martxan jarri dena, eta, zinez, ez ote da hori maitasunez jokatzea? Ez al da erromantikoa?

%91ak euskal estatu independentearen alde bozkatu zuen Arrigorriagan Gure Esku dagok bultzatutako galdeketaren baitan. Berriz ere, herritik sortutako ekimenaren aurrean gaude. Etengabe bere indarra birplanteatzen ari den herri ekimena da, gure herrian zentralitate jakin batekin jokatzen duen arren, eremukako askatasunez lan egiteko aukera daukana. Euskara hutsean eta komunikazio irizpide erabat bateraturik gabe. Katalunian ez bezala, guri, inork ez digu azaldu estatu independentea izateak suposatuko ligukeena. Hau da, administratiboki nola geratuko ginatekeen: zein izango litzateke estatu berriaren forma juridikoa? Zer eragin izango luke gure ekonomian? Europaren parte izaten jarraituko genuke? Muga egongo litzateke? Zein izango litzateke lurraldetasun irizpidea? Zer eragin izango luke gure osasungintza, heziketan…?

Horrela bada, praktikoa baino estatu independentea erromantikoa da? Gure Esku dagok suposatzen duen lan eta inplikazioa, ez al da helburu horrekiko maitasunetik loratzen?

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak