Zutabeak

Lanean

Aukerarik legoke, gure bailaran, euren lana edota lana ekarriko duten proiektuak aurrera atera nahi dituzten pertsonen sarea osatzeko?

Aukerarik legoke, gure bailaran, pertsona horiei euren lana edo proiektuak errealitate bihurtu ahal izateko laguntza ekonomikoren bat bermatzeko?

Aukerarik legoke, gure bailaran, euren lana edo pasioari eutsi nahi dioten horiek elkartzeko toki fisiko bat eskaintzeko?

Tankera har diezaiogun, erreferentziazkoa eta ezinbestekoa den Marienea bezalako proiektu baten inguruan ari naiz. Alegia, Emakumeen etxea eredu hartu eta Lankidetza etxea sortzeaz ari naiz. Zergatik? Bailaran badugulako nahikoa talentu eta lan egiteko gogo, baina, lan jarduerarekin lotutakoak aurrera eramateko beti hiriburuetara jotzen dugulako. Alta, hainbat kasutan atzerrira ere. Argi dago, herritarrok etxebizitzak behar ditugula, eta bizimodu ahalik eta errazena edukitzen lagunduko digun urbanismo plan on bat. Baina, dirua asfaltogintzara bideratzeaz gain, ondo legoke, ezin ukituzko ondarean ere inbertituko balitz, hots, jakintzan.

Gure herrietako biziraute osasuntsua bermatzeko, bailarak aukerez hornitutako gihar kultural indartsua behar du. Kulturaz ari naizenean, ez naiz soilik ari kultur disziplinek eskaintzen dituzten lanetaz. Hau da, antzerki, musika, literatura, artisautza eta abarretaz. Kulturaz ari naizenean bizikidetza aberastu eta herrien ekonomia osasuntsua bermatzera bideratutako prozesuetaz ari naiz.

Aniztasunak dakar aberastasuna, horregatik gela askotariko topaguneaz ari naiz. Ekoizpenaren alor guztiak jorratuko dituen ikasteko eta trebatzeko guneaz. Euren ideia garatu ahal izateko informazioa jasotzeko toki bat, posible balitz, ekonomia eraldatzailea eta berdintasuna oinarri izango dituena. Alokairuaren truke lan egiteko bulego material guztiak eskura jarriko dituen zentroa izan daiteke. Networking-a, hau da, beste hainbat pertsonekin lan egiteko aukeraz saretzea dakar eta aberasten ditu proiektuak. Esperientziak partekatzeko gune bat izan daiteke, eta askorentzat lan aukera errealak sortzeko borroka hasteko bidea.

Dendak eta tabernak lepo egoteak ez du herrien biziraupena bermatzen. Herriak bizirik daude biztanleentzat aberastasun eta onura iturri diren bitartean, beraz, lanean jarrai dezagun.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak