Zutabeak

Lomcetik harago

Ulergarria da LOMCE le­gea dela eta, jendeak publikoki erakutsi duen haserrea, izan ere, atarikoa irakurri baino ez dago konturatzeko esko­la curriculuma industriarentzako langile kualifikatuak sortzeko hel­buru hutsarekin sortu dela. Dena den, hezkuntza ereduen inguruan hausnarketa sakonik egiten ez duen hain­beste jende hase­rre egoteak agerian uzten du haserrea politikoagoa dela, hezkuntzarekin bera­rekin lotutakoa baino. Horrekin, jakina, ez dut adierazi nahi lege horren aurka egotea positiboa ez denik, inolaz ere, baina, ba­tzuen argudioak ikusita, pentsa liteke PPk eredu humanistatik hezkuntza sistema kapitalistara bat-bateko saltoa egin nahi duela, benetan aspaldi egina dugunean salto hori. Eskolak hasieratan, giza­ki osoak, parte-hartzaileak, irekiak, kritikoak, etorkizuneko mundua eraikitzeko kapaz zirenak heztea zuen helburu, egia da, baina apurka-a­purka, eta sistema ekonomiko kapi­talista sustraitu ahala, eta berarekin bat, merkatuaren irizpide beretsuak –lehiakortasuna eta etekina- erabil­tzen dituen beste eredu batera egin du bidea. Eta ez, bide hau ez da atzo goizean hasi, eta ez da izan hezkuntza lege ezberdinak ezartzearen ondorio. Ez beti.

basauri arizko ikastola lomceri planto 2015

Planto egin zioten 3. mailako azterketari Arizko Ikastolan :: Geuria

Eskola curriculumean eredu mer­katilista hau errausten duten edukiak jaso behar dira, jakina, baina alfe­rrikakoa da, gizartearen gehiengoak hazkunde ekonomikoak -produkzio eta kontsumo handitze bezala ulertu­ta- berez oparotasuna dakarrela bar­neratuta daukan bitartean. Bereziki tristea da, gainera, krisiak azalean utzi baitzituen aspaldi eredu kapitalista­ren ahuleziak; garapena aspaldi ez dago giza beharrizanek baldintzatu­ta, alderantziz baizik. Beharrizanik ez bada, sortu eta asmatu egiten dira, sistema ekonomikoa bera etengabe elikatu beharreko munstro bilakatu baita. Kontua da sistema ekonomiko hau posiblea den bakarra dela errotik sinestuta bizi garela, eta horrek gure jokabide guztiak baldintzatzen ditue­la, guraso edo irakasle garenean har­tzen ditugun erabakiak ere bai. Azken batean, sistema ona -edo aldaezina-dela uste duzunean, zure seme-alaba eta ikasleak sistemara lehenbailehen eta ahalik eta ondoen egokitu dai­tezen nahi izango duzu, modu kon­tzientean ez bada ere. Curriculumean eredu humanistagoa egon denean ere, esate baterako, paperean idatzi­ta egon egon da, baina benetan ez da hori izan geletako eguneroko erreali­tatea. Guk ez genuen LOMCErik izan, baina asumituta daukagu, nolabait, ingelesa ikastea kilkerrak zuloeta­tik nola ateratzen diren ikustea bai­no aberasgarriagoa dela. Zoritxarrez, gure gizartean, horrela delako.

Orain arteko eredua ere edukien jabetzean oinarritu izan da, eduki horien hausnarketa kritikoan baino; lehiakortasunean -eta ez lankidetzan, lan-taldeetan ekintza solteak egiten badira ere; emaitzetan, pun­tuazioetan. Lan, ikas­keta eta ezagutza me­taketa soilarekin lotzen dugu denok heziketa defektuz, eta ez esperientziekin. Nola uler liteke, bestela, etxeko lanen ga­rrantzia azpimarratzean irakasle guz­tien adostasuna egotea, gerorako “lan-ohitura” bat ezartzearen aitzakia hartuta? Zentzurik ba ote du horrek eredu humanista baten barruan? Jo­lasa, hausnarketa librea, gozamena, harremanak, parte-hartzea, naturare­kiko lotura, etab., modu isolatuan eta momentu puntualetan baino ez dira lantzen, nahita ala nahi gabe helburua beste bat delako. Eta Curriculumean gura beste makilllatu ahal dugu hau, baina LOMCEak zentzu horretan ez du egin geletan eguneroko errealita­tea dena paperean jarri baino askoz gehiago. Nire iritzia nahi baduzue, azken urteotako hezkuntza eredua kaka hutsa, eta LOMCEa bera, kaka hutsaren hurrengoa baino ez.

Argi dago gizarteak berak eredu humanistago batera jo­tzen ez duen bitartean, nekez egingo duela bide hori hezkun­tzak, lege aproposagoak onartu arren. Harremanetan, lankide­tzan, parte-hartzean, elkartasu­nean, esperientzietan, eta, batez ere, deshazkundean oinarrituta­ko filosofia batera jotzen ez duen gizarteak LOMCE legea deabrua bailitzan muturrekoka birrindu ahal dugu, eta ondo egingo du gainera, baina hezkuntza-errea­litatean ez da alde nabarmenik egongo, bata bestearen ondo­rio baitira. Agian egunen batean eskolako curriculumak mundua eraiki eta eraldatzeko kapaz di­ren pertsonak heztea helburu izango du berriro ere, modu na­turalean eta lege beharrizanik gabe, gizarteak berak eraldaketa hori posiblea dela berriro sines­ten duenean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak