Zutabeak

Loreak

Tia ospitalean nuela hasi nuen zutabe hau. Azaroaren 25aren inguruko zer edo zer zebilkidan buruan eta lerro batzuk idatzi nituen, baina bertan behera utzi behar izan nuen hasi eta berehala, azken bizi-orduak bere ondoan emateko. Ordura arte idatzitakoari ergelkeria hutsa iritzi nion han, tiaren gorputz abailduaren handitasunaren ondoan. Inuzenteegiak, bukolikoegiak ziren berbok inguruan entzuten nituen lantuen bortizkeriaren aldean. Heriotzaren ordua iritsita, oinazea irentsi, eta berba-gozo eta laztan artean esan genion agur inguruan ginen sei emakumeok, eta lasai joateko, azken hatsa aurpegi horituaren sakonetik askatu zuen arte, urteetan zehar gure artean irakatsi-ikasitako hizkuntzan, andre-loturen amaraunaren irmotasuna agerian.

Emakumeon arteko lotura horiek -onerako eta txarrerako- duten sakontasuna gai unibertsala den arren, oso gutxitan islatu izan da historian, emakumearen errealitatearen beste alor asko islatzen ez diren bezalaxe. Historiaren edozein pasartetan arreta jarrita, gizonak dira egile bakar eta erabateko, eta haien proiektu eta errealitatea da islatzen den bakarra, aditu askok nabarmentzen dutenez. Emakumeak azaltzen dira batzuetan, baina askoz gutxiago, eta gehienetan gizon horiekin duten harremanetan, eta ez beraien proiektu edo gurari propioen arabera.

Historiaren edozein pasartetan arreta jarrita, gizonak dira egile bakar eta erabateko, eta haien proiektu eta errealitatea da islatzen den bakarra”

Gaur egungo edozein kultur adierazpenetan ere, dela antzerkia, musika, zinea edo literatura, gizonak dira protagonistak kasurik gehienetan, eta emakumeak agertzen direnetan ere, gizonen istorioaren osagarri agertzen dira, emakumeon mundu-ikuskera gizonenaren azpian zapalduta gelditzen delarik oro har, emakumeak gizonekiko dugun harremanetik harago existituko ez bagina bezala. Historia –eta baita kultura bera ere-, azken batean, gizonek idazten dute, oro har, eta beraien mundu-ikuskera da, azken batean, txikitatik erakusten –eta irakastenzaiguna.

Emakumeak azaltzen dira batzuetan, baina askoz gutxiago, eta gehienetan gizon horiekin duten harremanetan, eta ez beraien proiektu edo gurari propioen arabera”

Horrek ez du esan nahi, jakina, emakumeok garrantzitsutzat jotzen ditugun gai batzuk inon islatzen ez direnik. Islatu islatzen dira, baina ez formatu orokorretan, baizik eta guretzako bakarrik eraikitako arloetara mugatuta: emakumeentzako literatura, emakumeentzako zinea, amatasunari buruzko euskarri berezituak, etab. Gai eta ardura batzuen unibertsaltasun eta garrantzia bera kolokan jartzen da horrela, gehienetan gutxietsi egiten dira eta, gizonaren mundu-ikuskera gizaki guztiona izan behar duelako, antza, eta emakumeena, kasurik onenean, beste emakumeena bakarrik.

Emakumeok garrantzitsutzat jotzen ditugun gai batzuk islatu islatzen dira, baina ez formatu orokorrean, baizik eta guretzako eraikitako arloetara mugatuta: emakumeentzako literatura, emakumeentzako zinea, amatasunari buruzko euskarri berezituak, eta abar”

Ur-lohien itsaso honen sakonetik, aitzitik, irmo urgaineratu da Loreak filma. Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak emakumeak erabateko protagonista dituen film osoa egin dute, eta ikaragarrizko abilezia erakutsi dute emakumeen arteko harremanetan harilkatzen diren mataza horietan barrenduz igeri egiten. Lan indartsua, egin dutena, eta zintzoa, era berean. Indartsua, genero klixeak etengabe errepikatzen dituen kultura patriarkalari xumetasunez egiten diolako aurre –nahita, edo nahi gabe–, izan ere, ba al da emakumeen kontrako indarkeria handiagorik, haien nortasuna bera desagerrarazi eta beraien sentimendu eta mundu-ikuskera arinkeriatzat hartzea baino?. Eta Zintzoa, ageri-agerian uzten duelako emakumeak bagarela, gizonekiko harremanetatik harago, eta gure mundu-ikuskera ez dela zertan izan gurea bakarrik, izan daitekeela aberasgarri, dudarik gabe, gizarte osoarentzat.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak