Zutabeak

Matxista bai, erotikoa ez

Uda honetan eraso matxistei aurre egiteko hainbat ekintza egin behar izan dira: batzuk, erasoak saihesteko eta kaleak eta jai guneak beldur gabeko lekuak bihurtzeko; beste batzuk, tamalez Basaurin eta Galdakaon gertatu zen bezala, erasoak egon ondoren, salatzeko eta ardurak eskatzeko. Mugimendu feministaren aldarrikapena egun bero hauetan zabaldu egin da, eta jendarteak arazo bortitz honekin behin betiko bukatzeko grina erakutsi du plaza askotan.

Eraso hauek guztiz matxistak dira, eta ez dute zerikusirik sexualitatearekin edo erotismoarekin. Harreman edo praktika sexual batean, elkarrekin gozamena, musukatzeko gogoa edo bestelako jolas erotikoen bizipoza praktikatzen da. Pertsonen arteko desira anitzen adierazpenak eta gozamen sentsazioak bizitzeko unea da. Gizonaren zein emakumearen desira bukatzen den unean, praktika sexuala bukatzen da.

Nola da posible ez konturatzea gurekin intimitatean dagoen pertsonaren desira bukatu dela? Ikaragarria da San Ferminetan bost mutilen artean neska bat bortxatzeagatik mutilek deklaratu behar izan zutenean, bostek guztiz lasai esatea neskak nahi izan zuela.

Adierazpen eta portaera sexistak identifikatzen, ekiditen eta eraldatzen ez diren bitartean mutil askok hitzekin, genitalekin edo eskuekin erasotzen jarraituko dute, gizonek haien gogoeta inposatzea “normaltzat” hartzen baitute.

Adi egon! Bestela indarkeria justifikatzen buka dezakegu; biktimak izan diren emakumeen azalpenak ukatuz, froga medikuak egon arren bortxaketa egon dela zalantzan jarriz edo erasotzailea biktima eta biktima erasotzailea bihurtuz.

Zer egingo dugu ezetza “ez” dela ulertzen ez dutenekin!? Zer egingo dugu koadrilako “babosoarekin”!? Zer egingo dugu futbolariak babestearren “adin txikiko prostituzioa” terminoa erabiltzen duten egunkariekin izatez bortxaketak izan direnen kasuetan? Zer egingo dugu biktima zalantzan jartzen duen auzokidearekin?

Erantzun! Eraso mota guztien aurrean erantzun! Askatasunaren eta maitasunaren alde!

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|