Zutabeak

Mendekotasun ikusezina

Bazen behin Euskal Herrian lau biztanleko herria: hiru euskaldunak ziren eta bat erdaldun elebakarra. Euskaldunek euskaraz egiten zuten beti euren artean, baina erdarara pasatzen ziren erdaldun elebakarraren aurrean. Herri horretan erdara zen nagusi: hiru elkarrizketatatik bat zen euskaraz eta bi erdaraz. Estatistika-kalkulu hutsa da. Ez al da bitxia? Nola lortu daiteke, beraz, euskararen erabilera normalizatzea?

Flandesko lagun batek argitu zidan gaia. Honela azaltzen zuen bere hizkuntza-jokabidea: “Flandestar guztiok dakigu frantsesa eta gutariko askok ondo hitz egiten dugu. Flandesen gau denean, frantsesez hitz egiten dugu gure solaskidea frantses elebakarra bada. Hala ere, batzuetan uko egiten diogu frantsesa erabiltzeari: esaterako, gure solaskidea Flandesen bizi den frantses hiztuna dena dakigunean.”

Ezustekorik ez, flandesera da hango hizkuntza nagusia. Flandesen balego gure herritxoa, bigarren hizkuntza ikasi beharko luke herriko elebakarrak herrikideekin komunikatzeko, eta euskara izango litzateke hizkuntza nagusia. Baina Flandestarraren hizkuntza-jokabidea pentsaezina da askorentzat gurean.

Euskaldun gehienok gaztelerara pasatzen gara herrikideak ez badu euskara ulertzeko gaitasunik. Bestearen onerako egiten dugula pentsa daiteke, baina horrela jokatuta, inplizituki esaten diogu elebakarrari euskara ikastea ez dela ez garrantzitsua ez premiazkoa, eta ez diogu aukerarik eskaintzen euskara ikasteko.

Gure diskurtsoa bestelakoa da. Euskara Aholku Batzordeak aho batez onartutako testuak dio herritar guztiek bi hizkuntza ofizialak, gutxienez, ondo ulertu beharko dituztela, ulertu ezean ezinezkoa baita euskaldunaren hizkuntza-hautua gaztelaniaren hautua bezala bermatzea. Eguneroko praktika, ostera, euskara ez jakitearen apologia hutsa da askotan.

Are gehiago, euskaldun askok hizkuntzaz aldatzen dugu herrikideak ez badu euskara erabiltzen, nahiz eta euskara ondo ulertu eta, batzuetan, hitz egiten dakien arren. Eskubidea dugu EAEn euskara edonon, edonoiz eta edozeinekin erabiltzeko, baina hiztun minorizatuen mendekotasunak moldatu du gure hizkuntz portaera eta ez gara ausartzen eskubide hori erabiltzera. Gure jokabidearekin zalantzan jartzen dugu euskara erabiltzeko legitimitatea. Euskal eta erdal hiztunek estatus berdina izan beharko luketela diogu, baina gure praktikak euskal hiztuna menpeko dela transmititzen die ingurukoei, gure haurrei, esaterako.

Mendekotasun linguistikoaren arazoa ikusezina da gutariko askorentzat, eta, azaleratu ezean, ez da gaindituko. Inkoherentzia handiak ditugu euskal hiztun askok. Nork bereak ikusi behar ditu eta, pausoz pauso, gero eta hizkuntza-portaera koherenteagoa eta asertiboagoa izan, besteak errespetatuta, baina besteekiko menpekotasunik gabe. Katalanez kantatzen dutenez, Tot comença en un mateix!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak