Zutabeak

Negar isila darion mina

Euskal preso politikoen familiarrei buruzko komentarioak entzuten ditudanean, askotan aditzen ditut adorea, duintasuna eta animoso hitzak. Topikoak diruditen hitzak dira. Ez, ordea, presoen senideak ezagutzen ditugunontzat: guretzat esanahi osokoak dira hitz horiek.

Adoretsu irudika ditzakegu presoen senitartekoak bidaia hasi aurretiko errepasoa egiten: barrukoak eskatutako liburua funtzionarioek onartzeko modukoa ba ote den, lagunek emandako mandatu guztiak apuntatuta ba ote daramatzaten, bidaiarako beharrezko guztiak poltsan ba ote dauden.

Duintasuna erakutsiko dute, bidaia luze eta neketsua egin eta gero, espetxera ailegatzen direnean: bisitara joan ahal izateko katxeorik jasan behar badute ere, funtzionarioak pasatzen utziko ote dituen estualdia gainditzen.

Animoso agertuko dira 40 minutu eskaseko bisita egiten: barrukoari herriko berriak eman, familiaren gorabeherak kontatu, lagunen goraintziak helarazi eta kartzelako egoeraren berri hartu.

Biharamunean, kalean ikusi eta “Zer? Zelan bidaia? Zelan dago barrukoa?” galdetzen diegunean adorea, duintasuna eta animoa baino ez ditugu somatuko erantzunean: “Ondo, dena ondo”.

Hitzak dira: asteburu guztietan gertatzen diren momentuak eta egoerak deskribatzeko balio dutenak. Baina, zer hitz erabili herrira ailegatu, etxera sartu eta, bidaiaren tentsioa desagertuta, egongelako sofan jesarri eta falta dutenarengan gogoa jartzen duten momenturako? Zer hitz erabiliko dugu une horietan bihotza estutzen dien barneko sentimendua deskribatzeko?


Josu Zabalo

Etxerat-eko kidea

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak