Zutabeak

Nire alabaren agenda

Nago Noelia López-Che­dak “me niego a ser la agenda de mi hija por whatsapp” esaldia bere blogean eskegi zuenean, ez zuela inondik ere imajinatu berbok sare soziale­tan hainbesteko oihartzuna izan­go zutenik. Bere alabak etxeko la­nak eskolan ahaztuta utzi zituen arratsalde hartan, eta amak gu­rasoen artean komuni­katzeko whatsapp tal­dea zuela bazekienez, talde horretan kopia bat eskatzeko agindu/eskatu zion amari, arazoa konpontzeko. Kon­tuaz nahikoa nazkatuta, ez zen eta lehenengo aldia, ezetz esan ei zion Noeliak alabari; etxeko la­nekin akordatzea bere erantzuki­zuna zela, eta horrenbestez, egin­dakoaren ondorioa onartu beste erremediorik ez zuela: etxeko la­nak egin gabe eraman, eta irakas­leari eman beharreko azalpenak ematea.

Noeliaren arabera, gaur egun­go gurasook umeak gehiegi ba­bestu, eta ez diegu autonomo izaten uzten; euren egitekoak gure bihurtzen ditugu sarritan, konturatu gabe, ho­rrek ekar liezaiekeen kaltearekin. Ados na­goela esan behar dut, ezinbestean, baina lepoa egingo nuke gu­raso gehienak egongo direla ados, izan ere, argi dago Noeliak ez dio­la alabari inolako mesederik egi­ten, berak hartzen badu horrela­koetan, ahaztutako etxeko lanak lortzearen ardura osoa.

Dena den, heldutasuna eta autonomia egindako akatsen on­dorioak onartzearekin lotzen du Noeliak, eta horretan bai ezin naizela horren ados egon, heldua­roan egoera horiek oso bestela maneiatzen direlako beti. Jar de­zagun, adibidez, Noelia bera biko­tearekin antzeko egoera batean:

– Ez ditut kotxeko giltzak topa­tzen, laztana, eta batzar urgente bat daukat hemendik ordu erdira, zurea eramango dut, ados?

– Parkatu, bihotza, baina bi­garrenez galdu dituzu kotxeko giltzak hilabete honetan, eta nork bere akatsen erantzukizuna hartu behar du. Beraz, ez, ez dizut nire kotxea utziko, eta ez zara batzar horretara joango. Bihar azalduko diozu zure nagusiari zergatik ez za­ren joan, eta horrela ikasiko duzu zure gauzak arduraz erabiltzen.

Irrigarria, dudarik gabe. Irriga­rri eta iraingarria. Oso. Egoera be­rean oso bestela jokatuko genuke helduon artean. Umeek ikasi egin behar dutela argudia dezake Noe­liak, arrazoi osoz, baina umeek zer ikasi behar dute, helduaroan zelan jokatu ez bada? Eta, horrenbestez, gure gizartean onartutako jokabi­dea enpatia baldin bada, ez al da askoz ere eraginkorragoa jokabide hori bera ikas dezatela? “Ni lanpe­tuta nabil, bihotza, zuk zeuk idatzi beharko duzu whatsapp hori”. “To­patu nire agendan urliaren telefo­no zenbakia, deituoizu bere alaba­ri, eta gero zuen artean moldatu”. “Nahi baduzu kotxean hurbilduko zaitut sandiaren etxera, baina zuk zeuk eskatu beharko diozu eta fotokopiak egitera joan, azken batean zurea da, erantzukizuna”. Edo are hobeto: “Ea kapaz zaren zuk zeuk irtenbidea topatzeko, niri ahalik eta laguntza gutxien eska­tuta”. Alegia, etxeko lanen arazoak konponbidea baldin badu -eta badu, Noeliaren alabak ondotxo daki-, ez al da askoz ere aberasga­rriagoa konponbide hori bere kasa topatzen laguntzea, eskolara lanak egin gabe agindu baino?

Ez al da askoz ere aberasgarriagoa konponbidea bere kasa topatzen laguntzea?

Gure seme-alaben arduren erantzukizuna geuk hartuta ez diegu, ez, mesederik egiten, baina gu artzain eta eurak ardiak baili­ran hezten baditugu ere ez. Az­ken batean gu artzain bagina ere, gure seme-alabak ez lirateke ar­diak, mendian gure ondoan ibilian dabiltzan artzain gazteak baizik. Autonomia eta heldutasuna hel­buru badira, heldu txikiak bailiran jokatu beharko genuke beraiekin, helduaroan onargarriena den ja­rrera lehenbailehen ikas dezaten. Eta helduon munduan, zorionez, zerbait ahaztu edo galdu duenak, hamaikagarrenez egiten badu ere, maite dutenak alboan izango ditu, konponbidea topatzen laguntzeko prest.

Autonomia eta heldutasuna helburu badira, heldu txikiak bailiran jokatu beharko genuke beraiekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak