Zutabeak

Nirekin jolastu gura?

Sexualitate kontuetan aparteko gorputzak, sentsazioak, emozioak, interesak, beldurrak, lotsak, desirak edo harremanak jolasean garatzen dira. Jolasean bai… baina… zer da jolasa?

Nagusiok umeekin jolasteko beti prest: kilimak, kukuak, doministikuak… edozein gauzarekin jolasten dugu eta sentsazio goxoak edo momentu alaiak sortzen ditugu: amaren titiarekin jolasten, belarria laztantzen, ilea zurrupatzen, panpinak besarkatzen, genitalak kuxinarekin igurtziz, ezkontzak antzezten edo zakurrarekin musukatzen. Gogoan al duzu nola jolasten zenuen umea zinenean?

Ume garaian jolas erotikoak guztiz egozentrikoak izaten dira, umeek arreta guztia haien gorputzean eta honek sortzen dituen sentsazioetan jartzen dute. Hazten garen heinean, mundua, bizitza eta sexualitatea zer diren konturatzen gara. Norberak bere grinaren eta gozamenaren bilakaera egiten du. Intimitatea zer den eta gure kulturaren arauak ikasten ditugu. Maiz, errealitate ezberdinak, gizartea bera edo erlijioak jolasaren mugak dira, baina horrek ez du esanahi jolasa bukatu denik!

Bestalde, gure burua garatzen dugunean gara bihurtzen gara. Umeen egozentrismoa gainditzen dugu eta gure inguruko lagunek garrantzi handiagoa dute. Hala, pertsonen desirak elkartzean garena martxan jartzen da.

Umeen sexualitatean jolasa ezinbestekoa da? Bai, gorputzak eta zentzumenak garatzen dituzte jolasek, garapen emozionalean laguntzen dute, eta komunikazio eta sozializazio prozesuak indartzen dituzte. Orduan, nagusion garapen on batean jolasa funtsezkoa izango al da? Jakina. Gogoan izan, sexualitatearen funtsezko osagarria jolasa dela, jolasean pertsonak zaintzen eta garatzen gara. Umeak garenean berez ateratzen zaigu berekoiak garelako sarri askotan, baina helduen artean ausardia behar dugu norbaitekin jolasteko eta garatzeko.

Eta lerro hauen ostean, orain, jolasteko prest gaude?

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak