Zutabeak

Nork zaindu behar ditu gure txikiak?

Gero eta gehiago dira familian denbora gu­txiegi ematen dugula ondorioztatzen duten ikerketak. Jostailuen Federazioak burutu­takoa izan da azken horietako bat, eta, ondorioen arabera, gaur egungo umeek eguneko orduen %10 baino gutxiago ematen dute familia harreman zuzene­tan. Komunikazioan asko galdu dela dioskue adituek, eta horrek kolokan jar ditzakela familiarte­ko lotura afektiboak, izan ere, el­kar-ulermenerako ezinbestekoa da elkar-ezagutza, eta horretara­ko, jakina, elkarrekin orduak ema­tea, onena. Ikerketa horietako asko emakumea lanera hasi izana jartzen dute abiapuntu, izan ere, bera izan da duela gutxira arte gaur egun haurtzaindegiek -ba­tik bat- egiten duten zaintza-lana egin izan duena.

Azken hamarkadetan Fami­lia psikologia eta Neurologiaren ikerkuntzan izan den aurrerape­nari esker, gaur egun badakigu haurren emozioak modu egokian kudeatzeak eragin zuzena dauka­la bere garapen afektibo, psikolo­giko, sozial eta kognitiboan, batez ere lehen 2-3 urteetan. Badakigu, halaber, denbora tarte horretan familiak izan behar duela erre­ferente indartsuena, presenteen egon behar duena, egitura horrek ase ditzakelako ondoen umearen segurtasun eta autoestimu beha­rrizanak, eta horrek eragin zuzena izango baitu ume horrek heldua­roan izango duen jokabidean.

Aipatu ikerketen arabera, hala ere, gaur egungo jaioberri askok, familiarekin baino ordu gehiago ematen ditu zaintza zentroetan, eta zenbait adituren arabera ez debalde, haurtzaindegiek zain­tza-lana era egokian betetzen badute ere, ezinezkoa baitzaie eta ume bakoitzari adin horretan ezinbesteko duen arreta afekti­boa eskaintzea (besoetan hartu, kontaktu fisiko etengabea, arreta esklusiboa, estres maila baxua…).
Emakumeak etxera itzuli behar al du, orduan, haurraren lehen urte bi horietan? Ez, berez. Ez, berak nahi ez baldin badu, si­kiera. Barregarri deritzot haurrak familian haztea eta emakumeak lan egitea bateraezinak direla esa­teari, eta iraingarri, lehen urtean haurtzaindegiak beste erreme­diorik ez dagoenean erabili behar direla uste dugunoi emakumea lanera joatearen kontra gaudela argudiatzeari. Umeak familia gi­roa behar du lehen bi urteetan, eta bere garapen maila bakoitzari dagozkionak bermatuko dizkio­ten hurbileko erreferenteak, bai­na horrek ez du esan nahi beti eta nahitaez erreferente hori ama izan behar duenik. Haurtzaindegiak eta 0-2 urteko haurren eskolara­tzea ez dira emakumearen lanera­ko eskubidea bermatzeko aukera bakarra; ez eta onena ere, azaldu dugun bezala, epe luzerako inber­tsio soziala kontuan hartzen bada.

Zergatik bideratzen da hemen kontziliaziorako diru-inbertsioa­ren zatirik handiena kanpo-zer­bitzuak finantziatzera, familian inbertitzea epe luzera errentaga­rriagoa dela argi badago? Zergatik dago hainbesteko aldea zaintza zentroetara eta eszedentzietara edo etxeko langileak kontratzera bideratzen den zenbatekoaren ar­tean? Europako herrialde batzue­tan diru-inbertsiorik handiena lehen urte bietan guraso biek kon­partitu dezaketen eszedentziara bideratzen da, eta, ostean, haur­tzandegiak bezain erabiliak diren haur-etxeetara (haurra duen amak beste 2 edo 3 hartu ahal ditu bere etxean, gobernuak ordainduko dion lansariaren truke, eta lanera joan behar duten gurasoak etxe horietan utzi ahal dituzte umeak, eta zaintza familia giroan izango dela ziurtatu). Haur zaintzaileak kontratatzeko diru-laguntza ere hemen baino askoz handiagoa da. Haurtzandegi zerbitzua aukera guztietatik bat baino ez da herrial­de hauetan, eta ez da erabiliena, han ere emakume asko lanera doan arren.

Horiek horrela, argi dago lane­rako eskubideak ez dituela zertan kolokan jarri umearen garapen egokia eta familia egitura. Batera­garriak dira biak, gauzak ondo egi­ten badira, eta ondo egindakoak ere badira gure inguruan. Oso in­teresgarria iruditu zait zentzu ho­netan Eusko Jaurlaritzak Haur-Ka­biak martxan jartzeko egin duen saiakera, momentuz erabilera anekdotikoa baino ez bada ere, izan ere, gaur egungo zaintza ezintasunari aurre egiteko kon­ponbide bakarra 0-2 urteko haur guztien eskolaratze automatikoa bada, nago epe luzera larrutik or­dainduko dugulakoan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak